Zarauzko liburutegiko azken datuak

Zarauzko Udal Liburutegiak 2024. urteko datuak aurkeztu du. Txostenaren baitan, joan den urtean izandako zenbakiak zehazten dira. Guztira, 6.750 erabiltzaile izan ziren azken urtean zehar eta 436 erabiltzaile berrik egin dute liburutegiko txartela.

32202 izan dira 2024. urtean egindako maileguak. Aurreko urteko zifrekin alderatuz, % 4,9ko igoera izan da aspektu honetan. Eusko Jaurlaritzak argitaraturiko estatistiketan oinarrituz, 10.000 biztanle baino gehiago dituzten herrietan hirugarren postuan kokatzen da Zarautz mailegu kopuruari dagokionez.

“Datu positiboak dira hauek, zarauztarren irakurzaletasuna eta kulturarekiko grina mahai gainean jartzen dituztenak”, adierazi du Irune Urbieta (EAJ-PNV) Kultura zinegotziak. “Aurrerantzean, Zarauzko Udal Liburutegiko baliabideak indartzen jarraituko dugu datu on hauek jarraipena izan dezaten”.