Areitioko Kirol Hiria, lehen ereiarorako prest

Eibar KEren kirol-hiriak erritmo onean hazten jarraitzen du, eta hilabeteak igaro ahala, behinola plano gaineko proiektu modura hasi zena, errealitate ukigarri eta operatibo izateko bidean da. Kirol gunearen, sarbideen eta aparkalekurako espazioen urbanizazioa gauzatu da dagoeneko. Baita lehen taldearen bizitza hartuko duen eraikinaren lehen solairua ere. Orain arte etorkizuneko izar armaginen prestakuntzarako agertokiaren itzala izandakoa, Areitioko Kirol Hiria, fase berri eta garrantzitsu batean sartu da.

Areitioko kirol-hiriak bost futbol-zelai izango ditu, belar artifizialeko hiru eta belar naturaleko bi. Datorren astean belar naturaleko zelaiak ereiteari ekingo zaio. Funtsezko urratsa, aro berriaren hastapenaren ikur, non laster gure jokalariek zapalduko duten lurra berdez estaliko baita. Bestalde, zelai artifiziala ekainaren hasieran iritsiko da.

Gizonezkoen eraikin nagusiak hazten jarraitzen du egunez egun. Gaur egun, obrak  lehen solairura iritsi dira dagoeneko. Horri esker, datorren denboraldian lehen taldearen jardun eta garapenaren muina izango denaren egitura bereiz daiteke. Ilusioa haziz doa xehetasun bakoitzarekin, eta eraikina klubaren etorkizun profesionalaren ikur modura altxatzen da.

Bestetik, 1.400 ikusle inguruko edukiera duen harmaila, behealdean oinarrizko futbolaren instalazioak izango dituena, oso fase aurreratuan dago. Baina proiektuaren alderdi nabarmenetako bat jasangarritasunarekin duen konpromisoa da. Kirol Hiriak euri-ura zein ibaiko ura jasotzeko sistema berritzaile bat izango du, zelaiak ureztatzeko erabiliko dena. Sistema horrek, erabilgarri dauden ur baliabideak optimizatzeko aukera emateaz gain, ingurunearekiko arduratsua eta errespetuzkoa den eredu baten alde klubak egindako apustu irmoa islatzen du. Ibai-ibilguko obrak, azpiegitura hori gauzatzeko funtsezkoak, amaitu dira dagoeneko, gune moderno eta jasangarri baterako oinarri sendo bat finkatuz.

Bitartean, eraikinen barnealdea urbanizatzeko lanek aurrera darraite. Azken akaberak egiteko, xehetasunak doitzeko eta Kirol Hiriko eremu guztiak elkarlotuko dituzten espazioak egokitzeko lanak egiten ari dira. Ildo horretatik ematen den urrats bakoitza lagungarri da espazio funtzional eta abegikor bat sortzeko, eta teknologia ere berehala iritsiko da bertara, konektagarritasun-sare fisikoa zein kablerik gabea instalatuta.

Laster promesa gazteei beren talentua punta-puntako instalazio batean garatzeko eta zaletuei jokalari horiek animatu eta beren bilakaera harmailetatik jarraitzeko aukera emango dien Kirol Hiriak forma hartzen jarraitzen du, eskualdeko azpiegitura handienen artean lekutzeko. Klubaren amets modura hasi zena, egunez egun, benetako espazio ari da bilakatzen, hazteko, prestatzeko eta maila gorenean lehiatzeko pentsatua. Aurki, Areitio Eibar KEren armarria partekatzen duten guztien etxe berria izango da.