Tolosan atxilotu dute bi gizoni objektu zorrotz edo arma zuri batekin eraso egiteagatik

Ertzainek 21 urteko gazte bat atxilotu dute bart gauean Tolosan, beste bi gizoni, segur aski arma zuri batekin, lesioak eragin ondoren. Biktimetako batek zauri irekiak zituen buru-azalean eta besteak hanka batean. Bi zaurituek osasun-arreta jaso dute ospitalean.

Ertzaintzak jaso zuen abisu baten arabera, atzo, astelehena, 23:00ak aldera, bi pertsona zaurituta zeuden Tolosako eraikin batean, segur aski arma zuri batekin egindako erasoa jasan ondoren.  Biktimetako bat, gizon bat, bere kabuz joan zen ospitalera, eta bigarren zauritua, buruaren atzeko aldean zauriak zituena, anbulantzian eraman zuten eskualdeko osasun-zentro berera.

Herritarren Babeseko eta Brigada Mugikorreko Bizkor zerbitzuko patruilak erasoan ustez inplikatuta zeuden pertsonen bila ibili dira, eta eraikin batera hurbildu dira gertatutakoa argitzeko asmotan. Azkenean, hainbat gizon atera dira eraikinetik, eta agenteek identifikatu egin dituzte.  

Informazioa bildu ondoren, agenteek gizon bat atxilotu dute homizidio-ahaleginaren delitua eta lesio-delitua leporatuta. Ertzaintzak gertakaria ikertzen jarraitzen du.