Azken hiru urteetan, 90.000 gaztek baino gehiagok jaso dute Lanbideren laguntza lana aurkitzeko

Azken hiru urteetan, 109.376 gazte artatu ditu Lanbideren orientazio-zerbitzuak. Eta, 2024aren amaieran, 89.939 gaztek enplegu-programetan parte hartuko dute, zerbitzu publikoak Eusko Legebiltzarrari bidalitako Gazte Enplegurako Planaren jarraipen-txostenaren arabera. Horrekin batera, Lanbidek toki-erakundeen bidez gazteak kontratatzeko ematen dituen laguntzen eraginkortasun-maila ebaluatu da. Horren arabera, onuradunak (programan duten esperientzian oinarrituta) kalitate hobeko enpleguak aurkitzeko gai dira (kontratuak luzeagoak edo denbora gehiagokoak dira). Beraz, Idoia Mendia Lehendakariorde eta Lan eta Enplegu sailburuak nabarmendu duenez, “horrek erakusten du zerbitzu publikotik hasitako jardueren baliozkotasuna”.

Gazte Enpleguaren Talka Planak (Berpiztu esparru orokorrean jasota) biltzen ditu, batetik, Gobernu Programaren eta 2030erako Enpleguaren Euskal Estrategiaren barruko jarduera guztiak (legegintzaldi honetarako Enplegu Plan Estrategikoan zehaztuta daudenak); eta, bestetik, Gazteria, Hezkuntza, Inklusio, Industria eta Berrikuntza edo Gizarte Ekonomia arloetatik eratorritakoak.

Plana egiteko testuinguruan, Planak adierazten du erakundeek erantzun behar diotela pandemiarekin batera gertatutako lan-narriadurari; eta, gainera, nabarmentzen du biztanleriaren sektore horretako enpleguaren bilakaera. «Gazteak izan ziren lan-merkatutik bota zituzten lehenak, baita kopuru handiagoan ere, batez ere lan-prekarietateagatik eta enplegua babestu ez zutelako. Hala ere, egiturazko eta egoeraren araberako programak bultzatzearen ondorioz, 2023aren amaieran 33.354 gazte gehiago zeuden lanean krisiaren unerik txarrenean baino (2020ko abuztua), % 32,3 gehiago, biztanleria orokorraren afiliazio-hazkundearen batez bestekoa baino igoera handiagoa (% 8 inguru). Gaur egun, 22.200 afiliatu gehiago daude Gizarte Segurantzan pandemiaren aurretik baino (% 19,4 gehiago). Gorakada horrek adierazten du, batetik, gazte gehiago ari direla lanean; eta, bestetik, lan-merkatuan sartzeko eskubideak izan dituztela. Eta horrek jauzi kualitatibo handia ematen du aurreko egoerarekin alderatuta «, adierazi du.

Ondorioak

Hortik aurrera, zehaztu egiten dira, Eusko Jaurlaritzaren barruan, zeharkako ikuspegi koordinatu batetik, egindako jarduera guztiak. Jarduera horiek bideratuak daude kualifikazioa, gaitasunak eta esperientziak ahalbidetzera (xedea izanik laneratze egoki bat). Laburpen horrek Enplegu Plan Estrategikoan finkatutako adierazleei jarraitzen die eta honela laburbiltzen da:

  • eta 2022. urteetan zehar, 35.000 gaztek baino gehiagok parte hartu dute enplegurako ekintza eta programetan. Plana 2024an amaitzean, 90.000 gaztek hartuko dute parte enplegurako programa eta ekintzetan.
  • 2021ean Lanbiden profesionaltasun-ziurtagiriak lortzeko ikastaroetan parte hartu zuten pertsonen laneratzearen ebaluazioan, horietatik ia % 64k lana aurkitu zuen ikastaroa amaitu eta urtebetera.
  • 2022ra arte, ia 4.000 gazte kontratatu dira, kontrataziorako laguntza-programen bidez. Plana 2024an amaitzean, 8.545 enplegu sustatuko dira, kontrataziorako laguntzekin.
  • urtera arte, 1.192 gazte-enpresa sortu edo horien mantentze-lanak babestu dira. 2024 amaitzean, guztira, gazteek kudeatutako 2.552 enpresa mantentzen edo sortzen lagunduko da.
  • 2022ra arte, 20.375 gaztek jaso dute prestakuntza. Aurreikusten da, Plana 2024an amaitzean, 44.475 pertsonak enplegurako prestakuntza-zerbitzuak jasoko dituztela.
  • 2022ra arte, 1.478 gaztek hartu dute parte prestakuntza- eta kontratazio-programetan. Aldiaren amaieran, 3.776 gaztek hartuko dute parte prestakuntza- eta enplegu-ekintzetan.
  • 2021etik 2023ra bitartean, 109.376 gazteri eman die arreta LANBIDEren orientazio-zerbitzuak, laneratzea errazteko. Urtez urte nabarmen handitu da artatutako gazteen kopurua, bai eta lanean orientatutako gazteen ehunekoa ere.

Gauzatze-mailari dagokionez, txostenak informazio hau jasotzen du: 2022ra arteko datu kontsolidatuak, 2023rako zenbatetsiak eta 2024rako aurreikusiak. Hartara, 2024 amaitzean, guztira, 75.748 jarduketa aurreikusten dira (2021-2024 aldian).

Tokiko planen eraginkortasuna

Horrekin batera, Lanbidek ebaluatu egin du toki-erakundeen bidez gazteei zuzendutako laguntzen eraginkortasuna (duela hiru urte Lehen Aukera programarekin egin zen bezala). Horretarako, ebaluatu dira, batetik, zer-nolako eragina izan duen onuradunen enplegagarritasunean diruz lagundu daitekeen aldian (8 eta 12 hilabete bitartean), eta, bestetik, zer-nolako eragina izan duen programa amaitu eta urtebetera arte. Hartara, 2018ko, 2019ko eta 2020ko deialdien  datuak erabili dira (datu horiek 2023an aztergai ziren bi aldiak barne hartzeko aukera ematen zuten-eta). Hiru urteetan 228, 227 eta 193 pertsona kontratatu ziren, hurrenez hurren.

Inpaktua ikuspuntu kausal batetik neurtzeko, kontratuaren ebaluazioa egin da. Horretarako, parekatze-teknikak erabili dira. Teknika horiek aldendu dituzte, batetik, programaren onuradunen enplegagarritasuna (tratamendu-taldea) eta, bestetik onuradun ez direnak baina antzekoak bai, ex ante beha daitezkeen ezaugarriei dagokienez (kontrol-taldea).

Diruz lagundu daitekeen aldian, onuradunek onuradun ez den kontrol-taldeak baino enplegagarritasun handiagoa eta kalitate hobeko enplegua erakutsi zuten (lanaldi osoko kontratu gehiago, txandakatze txikiagoa, lan egindako egun gehiago). Lan-egonkortasuna handiagoa izan zen. Toki-erakundeek ezin dituzte hasierako kontratu horiek mugagabe bihurtu, baina bost hilabetera ez dago alderik onuradunen eta kontrol-taldearen artean. Eta hurrengo urtean onuradunek  kontrol-taldekoek baino % 11 gehiago lan egiten dute, batez beste. Horrek esan nahi du Lanbidek toki-erakundeen bitartez egindako esku-hartzeak kalitate hobeko enpleguak eskuratzeko aukera ematen duela (kontratuak luzeagoak edo denbora gehiagokoak dira). «Datu bat gehiago dugu, zertarako eta bermatzeko, batetik, Lanbideren zerbitzu publikoaren eta bultzatzen ditugun programen erabilgarritasuna; eta, bestetik, erakundeen arteko lankidetzaren erabilgarritasuna » laburbildu du Mendia Lehendakariordeak.