Ertzaintzako agenteek, atzo, gizon bat atxilotu zuten lapurreta-delituaren akusaziopean, Urretxuko zenbait saltokitan eta Zumarragako udal-bulego batean lapurtzen saiatu ondoren. Patruila batek lurrindegi batean lapurtzen ari zenean atzeman eta atxilotu zuen ustezko egilea. Ertzaintza ikertzen ari da ordu batzuk lehenago egindako beste hiru lapurretetan inplikatuta dagoen.
Atxiloketa atzo, astelehena, goizaldeko bost eta erdietan izan zen, dei batek Ertzaintzari Urretxuko (Gipuzkoa) lurrindegi batean ustez lapurreta gertatzen ari zela ohartarazi ondoren. Patruila bat berehala bertaratu zen eta establezimenduaren kanpoaldean gizon bat aurkitu zuen. Susmagarriak polizia bertan zela ikusi zuenean ihes egiteari ekin zion.
Agenteek susmagarriaren atzetik lasterka irten eta atzeman zuten. Establezimenduko atea bortxatuta zegoela eta barrualdean dena nahasita zegoela egiaztatu ondoren, atxilotu zuten. Atxilotzeko unean, ustezko egileak bihurkin bat, eguzkitako betaurrekoak eta txanpon ugari zeramatzan, lokaletik hartuak.
Ertzainek atzemandako susmagarria 21 urteko gizona da eta polizia-aurrekariak ditu. Ertzaintza ikertzen ari da ordu batzuk lehenago Urretxuko taberna batean eta argiztapen-saltoki batean eta Zumarragako udal-bulego batzuetan izandako beste hiru lapurretetan inplikatuta dagoen.
Atxilotua joan den asteazkenean ere atxilotu zuten, Hernaniko ostalaritza-establezimendu batean lapurtu ondoren, eta jasotzeko du Madrilgo instrukzio-epaitegi baten atxiloketa-agindua.
Bidezko polizia-eginbideak amaitutakoan, datozen orduetan eramango dute atxilotua epailearen aurrera.