Iris Chains, motorretarako eta industriarako kateak fabrikatzen liderra den Eibarreko enpresa

Iris Chains ia 90 urte dituen eta Eibarren dagoen enpresa da. Motorretarako eta industriarako kateak fabrikatzen espezializatuta dago. Bezeroei produktu pertsonalizatuak eskaintzen dizkie eta azken hiru urteotan bultzada handia izan du. Fakturazioak ere gorakada handia izan du. SPRI Taldeak Euskadiko enpresei beren proiektuak ezagutarazteko aukera eskaintzen die “Zutaz mintzo gara” egitasmoaren bidez.

Enpresa 1935ean sortu zen Eibarren bizikletetarako kateak fabrikatzeko. Urte batzuk geroago, motozikleten merkatuan barneratu zen eta, 70eko hamarkadan, beste sektore batzuetarako kate industrialak produzitzen hasi zen: automobilgintza, elikadura, farmazia edo nekazaritza.

Eskaintzen duen produktua garraio- eta arrabol-kateak dira eta batez ere kate berezietan oinarritzen da. Dena den, produktu osagarriak ere hornitzen ditu: piñoiak edo kate-tenkagailuak. “Ia edozein kate motaren fabrikatzaileak gara eta bezeroaren beharretara egokitzen ditugu”, adierazi du marketineko arduradun Laura Ramosek. Automobilgintza, packaginga, elikadura, egurgintza eta farmazia dira bere bezero diren sektore nagusiak. Kateak potentzia transmititzeko edo objektuak garraiatzeko erabiltzen dira, besteak beste.

Iris Chainsek, gainera, bere katalogoaz harago doazen produktuak diseinatzen eta soluzioak eskaintzen ditu. “Bezeroak behar dituen kateak produzitzen eta, dagokionean, katearen bizitza erabilgarria luzatzeko hobekuntzak eskaintzeko diseinatzen ditugu”, adierazi du Celeste Cuneok, Controller-ak (zuzendaria). Hain zuzen ere, fabrikatutako kateen % 60 dira pertsonalizatuak.

Salmenten % 70 atzerrian egiten du, “batez ere Europan, eta 50 herrialde baino gehiagotara esportatzen dugu”.

I+G

I+G arloa ezinbestekoa da eta urtez urte handitu egin da gainera. 2023an, fakturazioaren % 5ekoa izan zen. “Aurtengorako, handitzeko eta I+G arlo espezifikoa sortzeko asmoa dugu”. Ia ez dute produktu pertsonalizatu horietarako lehiakiderik. “Gehienak banatzaileak dira; gutxi dira fabrikatzaileak. Euskadin, ez dago fabrikatzailerik”.

Etorkizunera begira, erronka nagusia digitalizazioarekin lotuta dago. “2022an egindako plan estrategikoaren arabera, digitalizazioa gure ahulezietako bat zela ikusi genuen, eta hori konpontzen saiatzeko, SPRI Taldearen Inplantalariak programa jarri genuen abian”. Gure helburua da sail bakoitza digitalizatzea eta adimen artifiziala aplikatzea, “ez baitugu atzean geratu nahi”.

Enpresak onlineko B2b denda jarri behar du bezeroei erraztasun gehiago emateko eta erosketa automatizatuagoa eskaintzeko. “Gure asmoa da bezeroek beren eskariaren egoera zein den denbora errealean ikusi ahal izatea”.

Gainera, enpresak 4.0 industria bultzatzen jarraituko du “eta jarduerari, fakturazioari eta langile kopuruari dagokienez (edo beste nolabait esanda, alderdi guztietan) hazten jarraitu nahi du”. Bestalde, produktuen gama zabaldu, eta soluzio gehiago eta mundu mailako euskarria eskaini nahi ditu. Bezeroak hala eskatuz gero, enpresak muntaketako eta mantentze-lanetako zerbitzua eskaintzen du. “Ez dago zehaztutako salmenta osteko zerbitzurik. Eta horixe bera izango da aurtengorako gure helburuetako bat: bezeroei soluzio osoa ematea”.