Ertzaintza Apustuen Merkatuaren Ikerketa Globalerako Zerbitzuko, kirol-apustuen merkatuko iruzurrari eta lehiaketen manipulazioari aurre egiteko polizia-lankidetzako eta -ikerketako sareko, kide izango da.
Gobernu Kontseiluak gaur onartu du Eusko Jaurlaritzak, Segurtasun Sailaren bidez, eta Estatuko Administrazio Orokorrak hitzarmen berri bat izenpetzea Ertzaintza Apustuen Merkatuaren Ikerketa Globalerako Zerbitzura atxikitzeko, Euskadin kirol-apustuetako eta -lehiaketetako ustelkeriaren aurkako borroka bultzatzeko.
Hitzarmena sinatutakoan, Ertzaintzako Joko eta Ikuskizunetako Unitateak erakundeen arteko lankidetza-sare horretan sartzeko aukera izango du. Sarearen helburua kirol-apustuen merkatuan iruzurrezko ekintzak eta lehiaketen manipulazioa prebenitzea eta horiei aurre egitea da, polizia-kidegoen eta jarduera horietan inplikatutako beste erakunde batzuen artean (Kirol Kontseilu Gorena, kirol-federazioak, liga profesionalak eta joko-operadoreak) informazioa trukatuz.
Apustuen Merkatuaren Ikerketa Globalerako Zerbitzuak modu telematikoan jarduten du informazioa azkar partekatzea eta konfidentzialtasuna errazteko. Programa informatikoaren bitartez, ertzainek kirol-apustuekin zerikusia duten ustezko iruzurren zantzuak edo alertak lortu eta partekatu ahal izango dituzte beste administrazio publiko batzuekin, ikerketa kriminalak eta zaintza-, kontrol- eta ikuskatze-lanak eta, behar izanez gero, zehapenak garatzen laguntzeko, jokoaren arloan indarrean dagoen araudia zuzen betetzen dela bermatzeko.
Hitzarmenaren esparruan, Jarraipen Batzorde bat sortzea ere ezarri da. Batzordea administrazio bakoitzaren bina ordezkarik osatuko dute, eta akordioan ezarritakoa zuzen garatzen eta betetzen dela zainduko du, helburu komunak hobeto betetzeko beharrezko neurriak eta ekintzak hartzea bultzatuko du eta, hala badagokio, hasierako testuan aldaketak egitea proposatuko du akordioa indarrean egongo den lau urteetan.