Ertzaintzak 30 urteko gizon bat atxilotu du gaur goizaldean Irunen, alkoholemia-kontrol batean, osasun publikoaren aurkako delitu bat leporatuta, substantzia sorgorgarriak aurkitu baitizkiote.
Gaur, osteguna, goizaldeko ordu bata aldera, GI-636 errepidean, Irungo Dunboa auzoaren parean, ertzainek auto bat geldiarazi dute trafikoko alkohola eta droga kanpainaren barruan, eta gidaria jakan ontzi bat ezkutatu nahian ari zela konturatu dira.
Gizonari egin dioten gorputz miaketan ertzainek substantzia berde bat, ustez marihuana, zuen ontzi bat aurkitu dute, bai eta hauts zuri bat galtzerdi batean ezkutatuta, marroi koloreko substantzia prentsatu baten zati bat eta dirua billete txikitan banatuta.
Auto barruan, polizia-baliabideek substantzia zuri bat, 70 gramo, zituen poltsa bat, substantzia grisaxka bat zuen beste poltsa bat eta substantzia zuri bat zuen metalezko pote bat, guztiak, ustez, substantzia sorgorgarriak, aurkitu dituzte. Gainera, autoan substantzien banako dosiak prestatzeko hainbat gauza eta erabilera anitzeko hiru labana ere konfiskatu dituzte.
Horren aurrean, Ertzaintzak osasun publikoaren aurkako ustezko delitu batengatik atxilotu du gidaria, eta isun administratiboa ere jarri dio, egin dioten droga-testean positibo eman baitu. Atxilotua polizia-egoitzara eraman dute dagozkion eginbideak hasteko, eta, horiek amaitu ondoren, Irungo Guardiako Epaitegiaren eskuetan jarriko dute.