Ertzaintzako agenteek 26 urteko gazte bat atxilotu dute Irunen, ibilgailu batean zihoala hainbat substantzia estupefaziente eta 800 euro baino gehiago aurkitu dizkiotelako. Gainera, positibo eman du droga-testean.
Bart gauerdian, Irunen herritarrak babesteko lanak egiten ari zen Ertzaintzaren uniformerik gabeko patruila batek gizon bat ikusi du gidariaren lekuan, bi garagardo-botilatxo eskuetan zituela, behar ez bezala aparkatuta zegoen ibilgailu batean. Berehala abiatu da, eta polizia atzetik joan zaio. Inguruko kale batean, atari baten ondoan gelditu da. Emakume bat hurbildu zaio, eta poltsatxo bat eman dio. Berriz ere gidatzen hasi da, eta semaforo gorri bat gainditu du. Hori dela eta, azkenean GI-636 errepidean geldiarazi dute.
Autoan emakume bat ere zihoan, eta biak identifikatu zituzten. Gidariak hainbat gai estupefaziente zeramatzan bere gauzen artean, hainbat poltsatxotan banatuta. Ustez, kokaina, marihuana eta estasia zituen, bai eta drogak kontsumitzeko tresnak ere. Gainera, 480 euro zituen, zenbateko desberdineko billeteetan. Autoaren ate batean, beste 350 euro aurkitu dituzte. Inplikatuak positibo eman du drogak atzemateko kontrolean, eta osasun publikoaren aurkako ustezko delitu bat egotzita atxilotu dute.
Emakumeari poltsa txiki bat konfiskatu diote arrosa koloreko hauts-substantzia batekin, eta Herritarren Segurtasunerako Legearen bidezko zehapen-akta ireki zaio.
Atxilotua epailearen esku utzi dute, polizia-eginbideak amaitu ondoren.