Nerea Melgosak adierazi duenez “egia eta memoria demokratikoa dira, gaur egun, martxoaren 3ko biktimen aitortzarik onena”

Nerea Melgosa Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak adierazi duenez, “egia eta memoria demokratikoa dira biktimen aitortzarik onena”. Adierazpen horiek Zaramagan egin den martxoaren 3ko gertakarietako biktimen omenaldian egin ditu. Martxoaren 3aren Plazan egindako lore-eskaintzarekin, sailburuak Gasteizko hiriburuan 1976an izandako gertakarien bost biktimak izan ditu gogoan: José Castillo García, Bienvenido Pereda Moral, Romualdo Barroso Chaparro, Francisco Aznar Clemente eta Pedro María Martínez Ocio.

Martxoak 3 Memoriagunea Fundazioa sortu ondoren, sailburuak aditzera eman duenez, “etorkizuneko Martxoak 3 Memoriaguneak gasteiztarren artean oso sentitua den nahiari erantzuten dio”, eta “erakundeek, gotzaingoak biktimek eta gizarte-ekimenak partekatutako proiektua da”. Melgosak esan duenaren arabera, “Fundazioa sortzeak erakusten du borondate politikoa beti irmoa izan dela”.

 “Lau zutabe (egia, oroimen demokratikoa, giza eskubideak eta biktimak erdigunean jartzea) oinarri izango dituen memoriagune-proiektu batean lan egitea geratzen zaigu orain” adierazi du.

Melgosa sailburuarekin batera izan dira, besteak beste, Josean Rodríguez Ranz Giza Eskubide, Memoria eta Lankidetzako sailburuordea eta Noemi Ostolaza Giza Eskubide, Biktima eta Aniztasuneko zuzendaria.

1976ko martxoaren 3ko data iltzatuta dago Gasteizen eta gasteiztarren memorian, esaterako Nerea Melgosa sailburuaren beraren memorian —1976ko martxoan 5 urte zituen—.

Gasteizko gertakari gisa ezagutzen direnak Francisco Franco diktadorea hil eta hilabete gutxira gertatu ziren. 1976ko martxoaren 3an greba-deialdia egin zen, eta milaka langile bildu ziren Zaramaga auzoko Asisko San Frantzisko elizaren inguruan, bertan asanblada egiteko asmoz. Arratsaldeko bostak inguru, ordea, Polizia Armatuak tenplua hustu zuen. Horretarako, gas negar-eragileak bota zituen elizaren barrualdera, eta izua eragin zuen. Jendea elizatik irteten zenean su errealarekin tiro egin eta gomazko pilotak jaurti zituzten.

Ehundako zauritu izan ziren eta bost hildako: José Castillo García, Bienvenido Pereda Moral, Romualdo Barroso Chaparro, Francisco Aznar Clemente eta Pedro María Martínez Ocio, 17 eta 32 urte bitartekoak.