Ertzaintzako agenteek 43 eta 37 urteko bi gizon atxilotu dituzte Zornotzan eta Durangon. Lehenengoa atxilotu dute banaketako furgoneta bat deskuiduan, gidaria paketeak banatzen ari zenean, lapurtzeagatik. Gero gidaria ere atxilotu dute droga-trafikoagatik, ibilgailuaren gordetegian substantzia sorgorgarri baten 19 bilgarri aurkitu baitzituzten Ertzaintzak ibilgailua berreskuratu ondoren.
Atzo, osteguna, 16:30ean, Durangoko Ertzain-etxeko patruilek abisu bat jaso zuten, banatzaile bati, bertako Landako auzoan bere lana egiten ari zenean, paketez beteta zegoen eta giltzak jarrita zituen furgoneta lapurtu ziotela esanez.
Eskuratutako datuetan oinarrituta, polizia-baliabideetako batek Zornotzako Tejera auzoan zirkulatzen ikusi zuen furgoneta hori, eta gidariak bertan gelditu zuen. Agenteek pertsona hori identifikatu zuten, eta motordun ibilgailua erabiltzeko ebastea eta zama guztia lapurtzea leporatuta atxilotu zuten.
Furgonetaren lehenengo miaketan, ertzainek gramo bateko plastikozko 19 bilgarri, ustez kokaina zutenak, aurkitu zituzten gordetegian, bai eta 200 euro eta telefono mugikor bat ere. Dirudienez, ebidentzia horiek ez ziren furgoneta ustez lapurtu zuenarenak.
Aldi berean, banatzailea laneko ibilgailua lapurtu ziotela salatzera joan zen, eta jakitera eman zioten ibilgailua eta paketeak berreskuratu zituztela. Era berean, esan zioten substantzia sorgorgarriak eta beste ebidentzia batzuk aurkitu zituztela, eta gidariak bereak zirela aitortu zuen eta agenteek droga-trafikoaren delitua leporatuta atxilotu zuten.
Bi atxilotuak gaur, ostirala, jarri dituzte Durangoko Guardiako Epaitegiaren eskuetan.