Ertzaintzaren Gipuzkoako Ikerketa Kriminaleko Lurralde Zerbitzuak azken hilabete hauetan egindako drogaren aurkako operatiboa lurraldean jarduten zuen eta substantzia sorgorgarrien trafikoan aritzen zen sare bateko lau kide atxilotuta amaitu da. Operatiboan zehar bi kilo kokaina, beste hiru kilo marihuana, bi kilo haxix eta anfetamina konfiskatu dituzte, bai eta dirua, doitasun-balantzak eta droga-trafikatzaileek erabili ohi dituzten beste hainbat tresna ere.
Substantzia sorgorgarrien trafikoan aritzen zen egitura hori desegitea ahalbidetu duen polizia-operatiboa hainbat hilabetez gauzatu dute Gipuzkoako Ikerketa Kriminaleko Lurralde Zerbitzuko (SICTG) agenteek, bere garaian detektatu ondoren Gipuzkoan era horretako delitu-jardueretan ari zen talde bat zegoela.
Egindako ikerketen eta ikertuei egindako jarraipenetan ikusitakoaren ondorioz, joan den asteazkenean hiru sumagarri atzeman zituzten Donostian, ustezko droga-entrega bat ikusi ondoren. Usteko trafikatzaileak identifikatu egin zituzten, eta lehentxeago euren artean egin zuten transakzioaren xedea kilo bat kokaina zuen pakete bat zela egiaztatu zuten. Hori dela eta, berehala atxilotu zituzten.
Jarraian, Astigarragan atxilotu zuten taldeko ustezko beste kide bat, droga-entrega hori antolatzen parte hartu zuela egiaztatuta baitzegoen.
Lau atxilotuak, 31 urtetik 51 urtera bitartekoak, polizia-egoitzara eraman zituzten zegozkion eginbideak betetzera. Ondorengo orduetan miatu zituzten garaje eta trastelekuetan beste kilo bat kokaina, 3 kilo marihuana, 2 kilo haxix, 45 gramo anfetamina, dirua, doitasun-balantzak, bilgarriak eta substantzia sorgorgarrien trafikatzaileek erabili ohi dituzten beste hainbat gauza atzeman zituzten.
Beharrezko izapideak amaitu ondoren, atxilotuak agintari Judizialaren eskuetan jarri zituzten.