Atxilotuari leporatzen diote martxoaren 16an Erromo auzoan bi gazteri lapurreta egitea, diru-zorroa kentzeko labana batekin mehatxatu ondoren. Ertzaintza ikertzen ari da azken asteotan Getxon egindako beste bi lapurretarekin zerikusia duen.
Lapurreta martxoaren 16ko goizaldean gertatu zen. Getxoko Erromo auzoan bi gazteri beste hiru hurbildu zitzaizkien, eta batek labanarekin mehatxatzen zituen bitartean, beste batek su-arma bat zirudiena, simulatua izan zitekeena, erakutsi zien. Ondoren, diru-zorroa kendu eta ihes egin zuten.
Ertzaintzak ikerketa hasi zuen lapurrak identifikatzeko, eta jakin ahal izan zuen inplikatuetako bat adingabea zela eta antzeko beste bi lapurretatan ere parte hartu zuela. Lapurreta horietako bat Ereagako hondartzan egin zuen, hiru egun lehenago. Kasu horretan adineko gizon bati egin zion lapurreta labana erakutsiz. Biktima, beldurtuta, uretan sartu zen, eta bikote batek lagundu behar izan zion eta, ondoren, osasun-zerbitzuek artatu zuten, hipotermiak jota. Beste lapurreta joan den astean egin zuen, beste gazte batzuekin batera, Arrigunagan, eta biktimak adingabe batzuk izan ziren.
Adingabea atzo atxilotu zuen Ertzaintzak, eta beharrezko polizia-eginbideak bete ondoren, Adingabeen Fiskaltzaren eskuetan jarri zuten.
Ertzaintzak ikertzen jarraitzen du lapurretetan inplikatuta dauden gainerako pertsonak identifikatzeko; guztiak talde antolatu bateko kideak izan daitezke.