Erreka DUNE (Deep Underground Neutrino Experiment) esperimentu zientifikoaren bazkide teknologiko bihurtu da. Ikerketa Nuklearrerako Europako Erakundeak (CERN) Antzuolako kooperatiba aukeratu du, 1,5 kilometro baino gehiagoko sakoneran lurperatuta egongo diren eta neutrinoak detektatzeko balioko duten egituraren finkapenak garatzeko erakunde arduradun gisa. “Ilusio handia egiten digu DUNE proiektua bezalako fisika teorikoko proiektu garrantzitsu batean parte hartzeak, eta erronka teknologiko eta industrial oso garrantzitsua da Errekarentzat”, esan du aurten Errekako zuzendari nagusi izendatu duten Arkaitz Etxezarretak.
Guztira, 90.000 finkapen fabrikatuko ditu partikula horien detektagailuaren egitura osorik konformatzeko. Egitura hori Sanford Undeground Research Facilityn kokatuko da, Hego Dakotan. “Torloju horietako batzuek Erreka Digital Bolt teknologia eramango dute, eta horrekin egituraren karga une oro irakurri eta hemendik monitorizatzeko gai izan gaitezke”, azaldu du Etxezarretak.
Mondragon Corporationen integratutako enpresak hiru negozio-lerro nagusi ditu: bata, automozioaren sektorerako plastikoak injektatzen dituena; bestea, sektore eolikorako ‘fastening’ -era (finkapenak) bideratua; eta azkena, “connected access” delakoa, hau da, eraikuntza-sektorerako sarbideak garatzera bideratua. Gainera, Etxezarretaren arabera, “apurka-apurka ‘medical’ sektorean sartzen eta hazten saiatzen ari gara”.
Orain, DUNE proiektuari esker, Errekak merkatu-ildo berri bat ireki du, ‘Big Scinece’ delakoa. “Dibertsifikatzen ari gara eta sektore horietan guztietan hazteko lanean ari gara, etorkizunean Erreka kooperatiba handiagoa eta negozio-lerro gehiago izango dituena izan dadin”, esan du zuzendari nagusiak.
SPRI Taldeak euskal enpresen I+G bultzatzen du tresnekin, aktiboekin, laguntzekin, lantalde eta aliantzekin, ikerketa sustatzeko eta teknologia berriak sortzeko. Elkartek, Emaitek edo Hazitek bezalako I+Grako laguntza programak kontsulta itzazu.