Ertzainek 29 eta 25 urteko bi gizonezko atxilotu dituzte gaur, ostirala, goizaldean, Erandion, ustezko lesio-delitu bat leporatuta, herritar bati mailu batekin eta labana batekin eraso egin ondoren. Gizona ospitalera eraman behar izan dute.
Gaur goizaldeko hamabi eta erdiak aldera, poliziaren eta osasun-zerbitzuen laguntza eskatu dute Erandion, Lutxana auzoan, adierazi dutenez lehentxeago bi pertsonak herritar bati eraso egin baitiote eta zaurituta baitzegoen. Inguruan zaintza-lanetan ari zen herritarren babeseko patruila bat hurbildu da adierazitako lekura, eta biktima aurkitu du bertan. Gizonak hanka bat odoletan zuen eta hainbat kolpe zituen, eta ospitalera eraman behar izan dute.
Egiaztatu ahal izan dutenez, lesioak eragin dizkiotenak bi gazte ziren, eta, borrokan ari zirela, mailu batekin jo dute eta arma zuri batekin zauria egin diote izterrean.
Ustezko erasotzaileak handik pixka batera aurkitu dituzte inguruan, eta, beharrezko egiaztapenak egin ondoren, atxilotu egin dituzte. Bi atxilotuak polizia-egoitzara eraman dituzte gero, beharrezko izapideak egitera, eta, ondoren, agintari judizialaren eskuetan jarriko dituzte.