Mabel Lozanok, Leire Berasaluzek eta Olaya Garciak, gai horretan dokumentazioaren, zuzenbidearen eta soziologiaren arloko adituek, hurrenez hurren, gizakien salerosketaren eta sexu-esplotazioaren munduko egungo egoera aztertuko dute.
Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak datorren maiatzaren 22an, asteazkenean, egingo du 78. PAREZ PAREZ jardunaldia. Eusko Jaurlaritzak eta UPV/EHUk Arkauten antolatu duten jardunaldiaren izenburua “Salerosketa, prostituzioa eta pornografia. Lotutako fenomenoen erronka zaharrak eta berriak” izango da.
Oraingoan, giza eskubideen defentsan, zuzenbidean eta soziologian adituek gizakien salerosketak, eta, bereziki, emakumeenak eta neskatoenak, munduan izan duen bilakaeraz eta sexu-esplotazioarekin duen lotura zuzenaz gogoeta egingo dute.
Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren zuzendari nagusiak, Andrés Zearretak, Akademiako Administrazio eta Zerbitzuetako zuzendariarekin, Malentxo Arruabarrenarekin, batera inauguratuko du saioa, eta, jarraian, pertsonen oinarrizko eskubideei zuzenean eraso egiten dien eta, egunez egun, maila globalean, Interneten erabileraren gorakadaren ondorioz, gero eta pertsona gehiagori eragiten dien fenomeno horren azterketa sakonari ekingo diote.
TAILERRA ETA MAHAI-INGURUA
Mabel Lozano, idazle, zinema-zuzendari, aktore eta aurkezleak hartuko du hitza lehenbizi. Sari ugari jaso ditu nazioartean, bai eta bi Goya sari ere, emakumeen sexu-esplotazioari buruzko istorioak kontatzen dituzten lanengatik. Mabel Lozanok arazo honek mundu digitalera migratu izanari buruz gogoeta egiteko tailerra egingo du.
Jarraian, moderatzaile Patricia Martinez de Musitu Ertzaintzako Polizia Zientifikoaren Unitatearen burua izango duen mahai-inguru batean, Leire Berasaluze UPV/EHUko Zuzenbide penaleko irakasle eta Kriminologiaren Euskal Institutuko ikertzaileak eta Olaya Garcia Soziologian doktore eta Cisneros Kardinalaren Unibertsitate Zentroko irakasle titularrak ikuspegi akademikotik aztertuko dituzte sexu-esplotaziorako gizakien salerosketaren fenomenoa eta prostituzioaren eta gizakien salerosketaren biktimekin egiten den esku-hartze soziala.
LANKIDETZA AKADEMIKOA
Jardunaldi hau Eusko Jaurlaritzak eta UPV/EHUk 2022an izenpetutako hitzarmenaren esparruan egin da. Hitzarmen horren helburua da Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak eta Kriminologiako Euskal Institutuak (IVAC-KREI) elkarlanean jardutea kriminologiaren eta biktimologiaren arloan formakuntza emateko eta ezagutza aztertu eta hedatzeko, bai eta segurtasun publikoarekin erlazionatutako jarduera akademikoak egiteko ere.
Ekitaldira joateko interesa duten pertsonek dohainik eman ahal izango dute izena Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren webgunean maiatzaren 20ra arte edo aforoa bete arte.