Gizon bat atxilotu dute Pasaian, hainbat pertsonari iruzur egiteagatik Interneten etxebizitza faltsuak alokatuta

Ertzaintzak hainbat iruzurren ustezko egilea atxilotu du Pasaian, Internet bidez higiezinak alokatzen zizkien pertsonei iruzur eginez. Biktimei ordainketa aurreratuak eskatzen zizkien erreserba egiteko, eta gero desagertu egiten zen.

EAEn egindako hainbat iruzurren ustezko egilea Gipuzkoako Ikerketa Kriminaleko Lurralde Zerbitzuko agenteek atxilotu zuten, ekainaren 11ko goizean, Pasaian.

Ikerketa kaltetuek Ertzaintzan aurkeztutako hainbat salaketaren ondorioz hasi zen, eta egiletza pertsona berarena izan zitekeela egiaztatu zen. Iruzurgileak pisuak prezio merkean alokatzeko iragarkiak argitaratzen zituen, interneten espezializatutako plataforma erakargarrietan.

Biktima berarekin harremanetan jarri zenean, etxebizitza erreserbatzeko seinale moduko kopuru bat eskatu zion. Ordainketa egin ondoren, biktimak ez zuen alokatutako higiezinaren berri, eta ezinezkoa zitzaion iruzurgilearekin berriro harremanetan jartzea. Identifikatzea zailtzeko, pertsona horrek telefono-linea bat kontratatu zuen hirugarren pertsona baten izenean, harek horren berri izan gabe.

Orain arte jasotako alokairu faltsuen salaketen bidez bildutako datuei esker jakin ahal izan da iruzurgileak lau mila euro inguruko irabaziak izan zituela.

Polizia-operazioa ustezko egilea atxilotzearekin amaitu zen, eta atzo arratsaldean utzi zuten epailearen esku. Antzeko iruzurren biktima izan daitezkeen pertsonei edozein ertzain-etxetara joateko eskatu die Ertzaintzak, gertatutakoa salatzeko.