Ertzaintzak lau pertsona atxilotu ditu Oñatiko enpresa batean kobrezko kable-bobinak lapurtzeagatik

Ertzaintzako agenteek, Udaltzaingoarekin lankidetzan, lur orotako ibilgailu batean zihoazen lau bidaiariak atxilotu zituzten atzo, larunbata, goizean, indarra erabiliz ustez lapurreta egiteagatik. Agenteek akusatuek Oñatiko enpresa batetik lapurtutako kobrezko kable-bobinak aurkitu zituzten ibilgailuaren maletategian, eta guztiek aurrekariak dituzte ondarearen aurkako delituengatik, zehazki enpresetan indarra erabiliz egindako ebasketa eta lapurretengatik.

Atzo eguerdiko hamabiak aldera,  Deba-Urolako Ertzain-etxera atxikitako patruila bati aginte- eta kontrol-zentrotik eskatu zioten Oñatiko alde zaharreko kale batera joateko, Udaltzaingoaren baliabide bat bertan zain zutela-eta. Adierazitako lekura iritsi zirenean, agenteek bertan zegoen eta susmoak piztu zituen lur orotako ibilgailu batean zihoazen lau gizonezkoak identifikatu zituzten. Poliziaren datu-baseak kontsultatu zituztenean, Ertzaintzako agenteek egiaztatu zuten lau gizonek aurrekariak zituztela ondarearen aurkako delituengatik, zehazki enpresetan indarra erabiliz egindako ebasketa eta lapurretengatik. Udaltzainek Ertzaintzari jakinarazi ziotenez, negozio baten jabeak deitu zien, aipatutako pertsonak goizeko 09:30etik baitzeuden leku horretan jarrera susmagarrian. Delituren bat egiten ari ziren egiaztatzeko, agenteek ibilgailua miatu zuten, eta maletategian kobrezko kable-bobina ugari aurkitu zituzten plastikozko estaldurarik gabe. Kobreaz gainera, ertzainek hainbat erreminta ere aurkitu zituzten, besteak beste, zizaila handi bat, burdin zerra bat eta kurrikaren bat, eta guztiak konfiskatu zizkieten.  

Zegozkion kudeaketak egin ondoren, inguruko enpresa bat ikuskatu zuten, susmagarriek aipatutako materiala bertatik hartu zutela pentsatuta. Agenteek egiaztatu zuten maletategian aurkitutako bobinen tamaina eta mota bereko bobinak gordeta zeuden enpresako etxola batek kalteak zituela sarrailan eta atean.  Era berean, egiaztatu zuten arrazoizko zantzuak zeudela uste izateko identifikatutako lau gizonek ondarearen aurkako delitu batean parte hartu zutela eta delitu horren helburua, irabazi asmoz, atzemandako kobrezko bobinak lapurtzea zela. Hori guztia kontuan hartuta, ertzainek lau gizonak atxilotu zituzten indarrez lapurreta egitea leporatuta.

Akusatuak polizia-egoitzara eraman dituzte, eta, dagozkion eginbideak amaitu ondoren, agintari judizialaren eskuetan jarriko dituzte.