Ertzaintzak “zorrotzailearen iruzurraren” kasu berriez ohartarazi du

Azken hilabete hauetan, maiatzetik uztailera bitartean, Ertzaintzak hauteman du gora egin dutela poliziaren argotean “zorrotzailearen iruzurra” izenez ezagutzen den eta tailerrei eta enpresei eragiten dien iruzurraren kasuek. Iruzurgileek materialak zorrozteko zerbitzua eskaintzen dute, eta kasu batzuetan akastuna izaten da eta beste batzuetan hitzartutakoa baino diru gehiago eskatzen dute, eta biktimak mehatxatu edo estortsionatu egiten dituzte.

Ez da iruzur berria, baina komeni da bere berri izatea eta eskatzen denaren aurrean amore ez ematea.  Hauxe da iruzur honen modus operandia: pertsona bat edo bi lantegi eta enpresa txikietara joaten dira ebaketa-erreminta industrialak, hala nola barautsak, diskoak edo beste era bateko erremintak, zorrozteko zerbitzua eskainiz, eta biktimarekin prezio “erakargarri” bat adosten dute zorrozte-zerbitzua egiteagatik.  Handik egun batera edo bira, berriz agertzen dira lantegi/enpresara erremintak zorroztuta, askotan nahiko eskas, eta emandako zerbitzuagatik hasieran adostutakoak baino askoz ere kopuru handiagoak eskatzen dituzte.

Ordaintzen ez bada, eta beti mehatxupean eta koakziopean, iruzurgileak eskatutako kopurua murrizten saiatzen dira, dirua azkar eta berehala eskuratzeko. Haien eskaerei jaramonik egiten ez bazaie, telefono-deiak egiten dituzte, instalazioei eta biktimen senide zuzenei kalteak egingo dizkietela mehatxatuz. Kasu batzuetan kaltetutako lantegi edo enpresetara hurbildu ere egin dira, beste pertsona batzuekin batera, euren helburua lortzeko mehatxatzera eta presio egitera.

Ertzaintzak gomendatzen du era horretako zorrozte-zerbitzuak enpresa edo profesional kualifikatu eta egiaztatuekin hitzartzeko; xantaiari inoiz amore ez emateko eta ordainketa “negoziaturik” ez egiteko, behar den guztietan egingo baitute berriz ere presioa eta estortsioa, eta are gehiago lehenengo ordainketa lortu badute. Biktima izanez gero, gertatutakoa Ertzaintzaren edo udaltzaingoen aurrean salatu behar da eta hainbat datu eman behar dira: erabilitako ibilgailuen matrikulak, bideozaintza-sistemetako argazkiak, kameretako irudiak, gailu elektronikoetakoak, eta abar, susmagarriak errazago identifikatu ahal izateko.