Ertzaintzak 60 pertsona baino gehiago identifikatu ditu asteburuan Legution egindako makrofesta batean

Asteburuan, Ertzaintzak Legutioko landa-finka batean egindako makrofesta batean esku hartu, eta 60 pertsona baino gehiago identifikatu zituen. Kontzentrazioan parte hartu zuten pertsonei hainbat administrazio-zehapen jarri zaizkie, zenbait arrazoi tarteko.

Larunbat goizean, Ertzaintzak jakin zuen Legution, landa-partzela baten inguruan, ibilgailu asko kontzentratzen ari zirela, eta, itxuraz, «Rave» motako festa bat ospatzen ari zela.

Ertzaintza bertaratu zenean, egiaztatu ahal izan zuen 400 ibilgailu inguru zeudela eta zehaztu gabeko pertsona kopurua. Ibilgailuek lur-eremu handia hartzen zuten eta inguruko abeltzainen ibilgailuek landa-bideetan zirkulatzea oztopatzen zuten.

Egoera hori ikusirik, Ertzaintzak ingurua itxi zuen eta sarbideak kontrolatzen hasi zen, ibilgailu gehiagok ez zezaten kontzentrazio horrekin bat egin. Aldi berean, kontzentrazioan parte hartzen ari ziren pertsonei jakinarazi zitzaien leku horretan akanpatzea debekatuta zegoela eta, bertan jarraitzen bazuten, administrazio-salaketa jarri ahal izango zitzaiela.

Bestalde, alkohol eta drogen prebentzio-kontrolak jarri zituzten inguruan, N-240 errepidean, bertatik irteten ziren ibilgailuen gidariak kontrolatze aldera.

Hirurogei identifikazio baino gehiago egin ziren eta zenbait arrazoiren ondoriozko zehapenak ezarri.