Udako Irteera–Itzulera Operazio Berezia 2023an baino nazioarteko trafiko gehiagorekin, % 3,5 gehiagorekin, amaitu da

• Estimazioen arabera, 2.030.000 ibilgailuk zeharkatu dute Euskadi uda honetan nazioarteko joan-etorrietan (hasieran aurreikusitakoa baino 6.000 gehiago)

• Trafiko-istripuak % 18 gutxiago izan diren arren, zazpi pertsona hil dira errepideetan uztailean eta abuztuan (2023an baino hiru gutxiago)

Oraindik iraileko datuak falta badira ere, Estibaliz Olabarri Eusko Jaurlaritzako Trafikoko zuzendariak Euskadiko Udako Irteera-Itzulera Operazio Bereziaren lehenengo balantzea egin du, eta nazioarteko trafikoak 2023koarekin alderatuta % 3,5 gora egin duela nabarmendu du.

Kontuan izanda iraila, trafikoari dagokionez, ekaina bezalakoa izan ohi dela, kalkulatzen da aurtengo udan, ekainetik irailera bitartean, ibilbide luzeko joan-etorriak 4.060.000 izango liratekeela, hau da, Euskadi joaneko 2.030.000 ibilgailuk zeharkatuko zutela eta etorriko beste hainbestek. Uda hasieran egindako aurreikuspenak zertxobait gainditzen dituzten kopuruak dira.

Nazioarteko trafikoaren igoera hori batez ere Gipuzkoan nabaritu da, eta, bereziki, Biriatuko ordainlekuan eta itzuleran, abuztuko azkeneko bi asteburuetan.

Mugako probintzietarako trafikoak ere gora egin du 2023ko udarekin alderatuta: Kantabriaranzkoak ia % 2,75 egin du gora, Burgos-Madrileranzkoak % 3,25 eta Nafarroaranzkoak % 2,5.

Eusko Jaurlaritzak Armiñongo lotunean eta AP-1/N-622 lotunean, Gasteizerako noranzkoan, eta N-622/A-1 lotunean, Burgos-Madrilerako noranzkoan, abian jarritako operazio bereziei esker, trafikoa arina izan da joan-etorri asko izan diren aldi horretan.

Era berean, A-8an, Barakaldo eta Kantabriako muga artean, ibilgailu gehien pilatzen diren asteburu eta jaiegunetan, zirkulazioa arintzeko hitzartutako garabiak 15 erreskate egin ditu (12 matxuragatik eta 3 istripuagatik), eta aurreko udan 20 erreskate egin zituen.

Irteera-operazioa

Araban, irteera-operazioa arintasunez egingo zela bermatzeko, abuztuaren 3an, larunbatean, eta abuztuaren 16an, ostiralean, A-1en paraleloan doan N-1eko ordezko bidea erabiltzea gomendatu zuten Argantzun eta Armiñongo AP-1erako sarbide artean, 6 kilometrotik gorako ilarak sortu baitziren Burgos-Madrilerako noranzkoan.

Bizkaian, bestalde, trafiko astuna asteburu guztietan izaten diren Bilbotik Kantabriako kostalderako irteeretan sortu zen. Auto-ilararik handienak A-8an, Kantabriarako noranzkoan, sortu ziren uztailaren 5ean, ostiralean, Muskiz eta Barakaldo artean (14 kilometroko ilarak), eta uztailaren 19ean, ostiralean, Muskiz eta Portugalete artean (12 km).

Gipuzkoan, ilararik handienak uztailaren 26an eta abuztuaren 2an, bi ostiraletan, sortu ziren Irungo ordainlekuan, Bilborako noranzkoan. Ilarak 7 kilometrotik gorakoak izan ziren eta ia Iparraldeko mugara arte (Biriatuko ordainlekua) iritsi ziren.

Itzulera-operazioa

Itzulera operazioan Eusko Jaurlaritzak seinaleztapen berezia jarri zuen Armiñongo lotuneko trafikoa arintzeko AP-1 autobideko irteeran eta A-1eko lotunean, Gasteizerako noranzkoan. A-1eko hiru erreitako bat AP-1etik iristen diren ibilgailuei uzten zaie konoen eta bestelako seinaleen bidez seinaleztatuta, ibilgailuak arintasunez, zirkulazioa gelditu gabe, sartzen joango direla bermatzeko.

Gipuzkoan auto-ilararik handienak abuztuaren 23an eta 24an, ostiralean eta larunbatean, eta 30ean, ostiralean, sortu ziren Biriatuko ordainlekuan, eta 10 kilometrora iritsi ziren itzulerako nazioarteko trafikoaren eraginez.  Gainera, ostiralean, hilaren 30ean, beste 10 kilometroko ilarak sortu ziren AP-8an, Mendaro parean, Baionarako noranzkoan, istripu baten ondorioz.

Bizkaian aurten ez da auto-pilaketa aipagarririk izan, eta Araban, aldiz, abuztuaren 23an eta 24an, ostiralean eta larunbatean, 7 kilometroko ilarak sortu ziren A-1 eta N-622 lotzen diren lekuan, Irunerako noranzkoan, ibilgailu ugari pilatu izanaren ondorioz. Bi egun horietan, eta behin baino gehiagotan, N-622 errepiderako sarbidea itxi behar izan zen bide-segurtasuna bermatzeko, eta trafikoa N-240 errepiderantz desbideratu zen.

Istripuen tasa

Istripuen tasa % 18 jaitsi da iazko udarekin alderatuta. Uztailean eta abuztuan Euskadiko errepideetan zazpi pertsona hil dira (hiru Gipuzkoan, bi Bizkaian eta bi Araban). Hildakoak 2023ko aldi berean baino hiru gutxiago izan dira, eta horietatik bost motorrean zihoazen, bat oinezkoa zen eta beste bat auto bateko bidaiaria.  

Guztira 1.051 istripu gertatu dira, 2023an baino 233 gutxiago (393 Gipuzkoan, 420 Bizkaian eta 238 Araban).

Urtea hasi zenetik, 28 pertsona hil dira Euskadiko errepideetan.