Oion, atxilotu bat enpresa batean lapurtzen saiatzeagatik

Ertzaintzako agenteek 22 urteko gizon bat atxilotu dute gaur, asteartea, goizaldean Oionen, Arabako herri horretako enpresa batean lapurtzen saiatzen ari zela in fraganti harrapatu ostean. Jakin ahal izan denez, orain atxilotutakoa, hilabete honetan leku berean egindako beste lapurreta batzuetan eta ustez ibilgailu bati nahita su emateagatik inplikatuta dago.

Joan den astean, Oiongo enpresa batean, bi egunetan segidan egindako bi lapurretaren berri izan zuen Ertzaintzak, eta enpresa horretan aparkatuta zeuden kamioien barruan zegoen salgaiak eraman zituztela salatu zuten.

Egoera horren aurrean, ikerketa bat jarri zen abian, eta zaintza-dispositibo berezi bat ezarri zen inguruan. Atzo goizaldeko ordu biak inguruan, operatiboko kide ziren ertzainek ikusi zuten pertsona bat zebilela enpresa horretako aparkalekuan aparkatuta zeuden kamioien artean.

Ertzainak ikusita, susmagarriak aparkalekua mugatzen duen horma gainditu zuen, eta ihesari ekin zion. Handik gertu geldiarazi ahal izan zuten.

Gazteari hainbat tresna atzeman zizkioten, eta, egiaztatu ahal izan zutenez, ibilgailuetako batetik lapurtu zituen. Hori dela eta, atxilotu egin zuten, indarra erabiliz lapurreta egitea egotzita.

Egindako ikerketen ondorioz, azken egunetan leku berean egindako beste delitu-ekintza batzuetan parte hartu zuela jakin da, baita hilabete honetan bertan ibilgailu bati ustez nahita su emateagatik ere.

Beharrezko eginbideak amaitutakoan, atxilotua epailearen aurrean aurkeztuko dute.