Derby Motoreta’s Burrito Kachimba, Lagartija Nick eta Ana Curra, doan Hiriko Soinuaken jaialdian

Bosgarren edizioan 091, Def Con Dos eta Los Deltonos taldeen emanaldiekin, besteak beste, 4.500 pertsona inguru bildu ondoren, Hiriko Soinuaken jaialdiaren 2024ko edizioak Derby Motoreta’s Burrito Kachimba, Lagartija Nick, Ana Curra edo The Bo Derek’ s izango ditu izen handi moduan.

Musikaldia urriaren 25ean eta 26an izango da, Barakaldoko Herriko plazan, eta doako sarrera izango du. Lehenengo jardunaldian Lagartija Nick eta Ana Curra izango dira buru, eta bigarrenean, Derby Motoreta’s Burrito Kachimba eta The Bo Derek’s. Programazioa Hiriko Soinuaken 2024 lehiaketako 4 proiektu irabazleek osatuko dute, hurrengo larunbatean, irailaren 28an, Barakaldoko San Bizente parkean izango den finalaren ondoren ezagutzera emango direnak.

Derby Motoreta’s Burrito Kachimba sevillarren 2019ko izen bereko estreinako diskoa haize freskoa izan zen gaztelaniazko rockaren panoraman. Lan haren ondoren, 2021ean, ‘Hilo negro’, kritikak eta publikoak goretsitako diskoa, eta ‘Las leyes de la frontera’ filmaren soinu-banda etorri ziren. Hiru urte geroago ‘Bolsa amarilla y piedra potente’ aurkeztu dute, flamenkoa, psikodelia eta gitarren rocka maisuki uztartzen dituen estudioko hirugarren diskoa.

2024an 35 urte bete dira Lagartija Nick sortu zenetik, estatuko rockaren ezinbesteko izenetako bat. Hiru hamarkada eta erdi hauetan, Granadako taldeak latitude musikal ugari zeharkatu ditu, beti ere pasio eta ezinegon hautsezinarekin eta arrisku eta muturrekiko zaletasunarekin. Beraiena da, Enrique Morente flamenko-kantariarekin batera, azken 40 urteetako diskorik ospetsuenetako bat: ‘Omega’ (1996), Federico García Lorca eta Leonard Cohen, Granada atzean zegoela, batzen zituen lana. Baina Lagartija Nick ‘Omega’ baino askoz gehiago dira; guztira 15 disko argitaratu dituzte, eta 35 urteko ibilbidea ospatzeko iritsiko dira Barakaldora.

Hiriko Soinuaken 2024ko festibaleko beste izen handi bat Ana Curra izango da. Madrildar honek 70eko hamarkadaren amaieran eta 80koaren hasieran ekin zion bere ibilbideari, Alaska y los Pegamoides-en eta Parálisis Permanente kultuzko taldean, besteak beste. Gero, batzuetan kolaborazioekin eta beste batzuetan bakarka, diskografia kamaleonikoa eta eklektikoa osatu du, etiketa guztiei aurre egiten diena.

Musikaldiko izen ezagunen laukotea The Bo Derek’s bandak osatzen du, Oscar Avendañok gidatutako hirukotea. Oscar 90eko hamarkadaren hasieratik Vigoko rock-eszenaren klasiko bat da. Siniestro Total taldeko baxu-jotzailea izan zen 20 urte baino gehiagoz, baina horrek ez zion bakarlari edo proiektu pertsonalen buru moduan lan oparoa egitea eragotzi. Soinu bandak konposatu ditu, musikari buruzko tailerrak eman ditu Vigoko Unibertsitatean eta Coque Malla, Josele Santiago edo Pablo Novoa (Golpes bajos) artistekin kolaboratu du. Bere egungo taldeak The Bo Derek’s du izena, rock and roll power-trio bat, Barakaldon ‘Porca miseria’ hirugarren diskoa aurkeztuko duena.

«Hiriko Soinuak jaialdiaren azken bi edizioetan 4.500 pertsona inguru biltzea lortu dugu bi jardunaldien artean, datu oso positiboa Barakaldorentzat eta tokiko ostalaritza eta merkataritza sustatzeko. Ziur gaude edizio berri honetako kartela, freskotasuna eta publiko gazteagoari zuzendutako proposamenak gaztelaniazko rockaren izen historikoen kalitate kontrastatuarekin uztartzen dituena, pizgarri handia izango dela herriarentzat. Gainera, Hiriko Soinuak lehiaketa irabazi duten taldeei publiko zabalaren aurrean jarduteko aukera emango diegu berriro, profesionalizaziorako bide horretan gure aletxoa jartzeko», adierazi du Jonathan Martín Barakaldoko Udaleko Gazteria zinegotziak.

Kontzertuak 19:00etan hasiko dira. Emanaldi bakoitzaren ordutegi zehatzak aurrerago jakinaraziko dira.

HIRIKO SOINUAK 2024 MUSIKALDIA

Urriak 25 eta 26, Barakaldoko Herriko plaza

Emanaldien hasiera: 19:00 – Doan

  • Urriak 25, ostirala – LAGARTIJA NICK – ANA CURRA
    + Hiriko Soinuaken lehiaketako 2 talde irabazle
  • Urriak 26, larunbata – DERBY MOTORETA’S BURRITO KACHIMBA – THE BO DEREK’S
    + Hiriko Soinuaken lehiaketako 2 talde irabazle

Informazio gehiago: