Ertzaintza bere sorrerako balioak gogoratuz garai berrietara egokitu behar dela azpimarratu du Zupiria sailburuak

• Brigada Mugikorraren Unitatearen 40. urteurreneko ekitaldian parte hartu du Segurtasuneko sailburuak.
• Brigada Mugikorraren Unitatea 1984an sortu zen eginkizun-sorta zabal batekin: erreskatea eta istripuak, hondamendiak, ordena publikoa eta planifikatutako segurtasun-dispositiboak, besteak beste.
• Gaur egun 418 agente ditu, eta Ertzaintzaren Laguntza Taktikoko Buruzagitza Nagusian integratuta dago.

Bingen Zupiria Segurtasuneko sailburua buru dela egin da gaur goizean Ertzaintzaren Iurretako basean, Ertzaintzako Brigada Mugikorraren Unitatearen 40. urteurreneko ekitaldia. Sailburuarekin batera izan dira Rodrigo Gartzia segurtasun sailburuordea, Victoria Landa Ertzaintzaren zuzendaria, Josu Bujanda Ertzaintzaren burua eta Ertzaintzako agintariak eta Brigada Mugikorreko agenteak, bai eta unitateko kide izan diren pertsonak eta senideak ere.

Brigada Mugikorra Herritarren Babeserako Atalaren barruan dago, Laguntza Taktikoko Buruzagitza Nagusiaren ardurapean. Ertzaintzako unitate espezializatu horri dagozkio arrisku larriko egoeretan ordena publikoa mantentzea eta, hala egokituz gero, berrezartzea; PRI – Bizkor Prebentzioko eta Berehala Erantzuteko patruila-lanak; eta istripu, katastrofe edo hondamendi publikoen ondorioz sortutako egoeretan esku-hartzea. Gainera, etengabeko laguntza ematen die Ertzaintzaren gainerako unitateei, batez ere jendetzak kontrolatzean eta atxilotuak zaindu eta lekualdatzean, eta planifikatutako segurtasun-antolamenduetan ere parte hartzen du. Horrez gain, beharren arabera, ataletako unitateei esleitutako eginkizunak eta zereginak osatzeko lanak ere betetzen ditu.

Gaur egun Brigada Mugikorraren Unitateak 418 agente ditu. Agente gehienak gizonezkoak dira, baina gaur egun emakumea eskala guztietan dago ordezkatuta: intendente bat, ofizial bat, ofizialorde bat, bi agente lehen eta zortzi agente. Guztira, 13 emakume dira. Intendente buruak, Ana Isabel Sánchezek, 2022ko irailean hartu zuen Brigada Mugikorraren agintea eta Europako polizietan brigada mugikor baten buru izan zen lehenengo emakumea izan zen.

Iurretan egindako ekitaldian, Segurtasuneko sailburuak nabarmendu du Ertzaintzari dagokiola «bizi dugun garai berrira egokitzea eta delinkuentzia-modu berriei bitarteko eta metodo berriekin aurre egitea. Baina sortu zeneko balioak gogoratuz egin behar du. Herritarren zerbitzura egon eta beraien eskubideak ziurtatzeko gaudela sinetsita. Seguru sentitu nahi duten gizon eta emakumez osatutako gizarte bat zerbitzatzearen ikuspegitik. Delitua zigorrik gabe ezin dela geratu eta bizikidetza batzuen eta besteen eskubide guztiak errespetatzearen mende dagoela ziurtatuz. Eta Euskadin bizi garenon bizikidetza baketsua eta demokratikoa bermatzeko, demokratikoki onartutako arauak errespetatzea eta segurtasuna funtsezkoak direla sinetsita». Bingen Zupiriak gaineratu duenez, «Segurtasun Saila eta Ertzaintza zuzentzen dugunon zeregina da Ertzaintza osatzen duzuen gizon eta emakumeok zuen lana ahalik eta baldintza onenetan, bitarteko egokiekin eta horretarako behar den prestakuntzarekin egin dezazuen lan egitea. Eta horretarako lan egingo dugu. Ertzaintza profesionala nahi dugu, medio onenak izango dituena eta euskal herritarren beharrei erantzungo diena. Euskal gizartea Ertzaintzak ematen dion zerbitzuarekin harro egotea nahi dugu, segurtasuneko zerbitzu publikoaz pozik dagoena. Helburu hori beti izan behar dugu gogoan, eta uste dut hemen gauden guztiok bat gatozela helburu horretan «.

Brigada Mugikorraren Unitatearen jatorria

1984ko martxoaren 28an, Herrizaingo Sailaren agindu batek Ertzaintzaren Brigada Mugikorra izeneko unitate berri batean destinoak betetzeko deialdia onartu zuen. 89 ertzain, 12 kabo, inspektore bat, sarjentu bat eta sarjentu nagusi bat ziren. Handik hilabete batzuetara, Brigada Mugikorraren Unitateak Arkauteko (Araba) Polizia Akademian hasi zuen ibilbidea. Bost emakume zeuden hasiera hartan Brigada Mugikorrean, eta garai hartarako aitzindaria zen.  

Hasieratik, Brigada Mugikorra diziplina anitzeko unitatea izan da, eta Ertzaintza guztiari eman izan dio laguntza espezializatua; ordena publikoan eta jendetzaren kontrolean, era guztietako erreskate eta istripuetan, biktimen lehen laguntzan, hondamendietan, bai eta atxilotuak zaintzean eta eramatean ere.  

1994an, Brigada Mugikorraren Unitatea Arkauteko instalazioetatik Iurretako Polizia Zentrora pasatu zen, eta gaur egun bertan du entrenamenduko eta operazioetako bere base nagusia. Hain zuzen ere, unitateko agintarien eta agenteen espezializazioa eta etengabeko prestakuntza da Ertzaintzako unitate garrantzitsu honen gakoetako bat.  

Gaur egun, Brigada Mugikorraren Unitatea Laguntza Taktikoko Burutza Nagusian integratuta dago, Lehergailuak Indargabetzeko Unitatearekin eta Zaintza eta Erreskate Unitatearekin batera; azken hori 2011n irten zen Brigada Mugikorretik. Gainera, 2016ko abenduan Prebentzioko eta Berehala Erantzuteko patruila (PRI-Bizkor) sortu zen.  

Ekitaldia

Ertzaintzaren Iurretako basean egin den urteurren ekitaldian, protagonisten irudiekin eta oroitzapenekin errepasatu da Brigada Mugikorraren 40 urteko ibilbide profesionala. Errepaso horretan Brigada Mugikorreko kideak izan diren pertsonek parte hartu dute, eta “brigadista” belaunaldi ezberdinen lekukotasunak ere izan dira. Ekitaldian aipamen berezia egin zaie unitateko kide izan diren eta diren 100 emakume baino gehiagori. Ospakizunaren une batean, Victoria Landa Ertzaintzaren zuzendariak, Ana Isabel Sanchez Brigada Mugikorraren nagusiarekin batera, oroigarri berezi bat eman die Brigada Mugikorrean aktibo dauden eta unitatean 30 urte baino gehiago etenik gabe zerbitzuan eman dituzten bederatzi ertzaini. Gainera, minutu bateko isilunea egin da zerbitzuan hildako lankideen alde.  

Ekitaldi osoa: https://irekia.eus/seg/78J

Jaitsi erantsitako dokumentua

Jaitsi erantsitako dokumentua

Jaitsi erantsitako dokumentua

Jaitsi erantsitako dokumentua