Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailarentzako kreditu globala handitzea onartu du Gobernu Kontseiluak

Kreditua handituta, gero eta laguntza-eskaera handiagoa duten hiru programen beharrizanei erantzungo die Eusko Jaurlaritzak. Hala, indartu egingo du etxebizitza eskuratzeko, etxebizitzak birgaitzea sustatzeko eta eredu jasangarriago eta efizienteago baterantz egiteko konpromisoa. 

Gobernu Kontseiluak Euskal Autonomia Erkidegoaren 2024 ekitaldirako Aurrekontuaren Kreditu Globala handitzeko Akordio Proposamena onartu du. Horren bidez, 25.220.000 euro handituko da. Altxortegi-soberakinekin finantzatuko da, eta Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailaren funtsezko hainbat programatan dituzten kreditu-beharrizanei erantzun ahal izango zaie.

Hala, akordioaren bidez, honako proiektu eta dirulaguntzak finantzatzea bermatuko da:

  • Etxebizitzak birgaitzeko dirulaguntzak: guztira 10.000.000 euro bideratuko dira etxebizitza partikular eta komunitarioen bizigarritasuna, irisgarritasuna eta efizientzia energetikoa hobetzeko, 2021eko uztailaren 21eko Aginduak xedatutakoaren arabera.
  • Gaztelagun programa: 18 eta 35 urte bitarteko gazteek alokatzeko laguntzak eskaintzen ditu. Programa horrek 6.000.000 euro gehiago jasoko ditu, eskaera-kopurua handitzea espero denez, eskaera horiei erantzuteko.
  • Etxebizitzarako Prestazio Ekonomikoa (EPE): 147/2023 Dekretuak arautzen du, eta etxebizitza eskuratzeko eskubidea prestazio ekonomikoaren bidez bermatzea du helburu, etxebizitza edo bizitoki bat esleitu ezin denean. 220.000 euro bideratuko dira horretarako.

Kreditua handituta, gero eta laguntza-eskaera handiagoa duten hiru programen beharrizanei erantzungo die Eusko Jaurlaritzak; hala, indartu egingo du etxebizitza eskuratzeko, etxebizitzak birgaitzea sustatzeko eta eredu jasangarriago eta efizienteago baterantz egiteko konpromisoa.

Erabakiak 1/2011 Legegintzako Dekretua du oinarri. Horren bidez, Gobernuak aurrekontua handitu dezake, beharrizan berriak sortzen direnean eta altxortegi-soberakinak erabilita. Araudiak xedatzen duenaren arabera, Ogasun eta Finantza Sailak hiru hilean behin emango dio Eusko Legebiltzarrari xedapen horren berri.

Horrela, Eusko Jaurlaritzak lehentasuna ematen dio herritarren bizi-baldintzak hobetzeari, etxebizitza eskuratzeko eta efizientzia energetiko lortzeko laguntza-politiken bidez.