5.000 ikaslek baino gehiagok Eskola Kiroleko lehiaketak hasi dituzte

binary comment

Donostia Kirolak «Ama, Aita, jolastu nahi dut» lelopean gurasoei zuzendutako sentsibilizazio kanpainari eutsi dio

Larunbatean, urriak 19, hasiko dira Donostiako Eskola Kiroleko Jardueren Programaren barruko lehiaketa-jarduerak, Donostia Kirolak koordinatuta.

Iñaki Gabarain Kiroletako eta Bizitza Osasungarriko zinegotziaren hitzetan, «hiriak kirolaren eta jarduera fisikoaren inguruan gazteenen artean garatzen duen jarduera handienetako bat da. 2024-2025 ikasturtean, parte-hartzea 5.000 ikasletik gorakoa da, benjamin eta alebin kategorien artean. Horrek esan nahi du Lehen Hezkuntzako 3. eta 6. mailen artean matrikulatutako ikasleen % 70ek baino gehiagok parte hartzen duela antolatzen diren lehiaketetako batean. Eta datu garrantzitsu bat: emakumeen parte-hartzea guztizkoaren % 42 da. »

Kategoria horietako ikasleek kirolanitza lehiaketa-egutegi batean parte hartzen dute, bi eredu desberdinekin. Alde batetik, hiruhileko bakoitzean kirol-modalitate desberdina egiten dutenak; eta, bestetik, ikasturte osoan kirol-modalitate desberdinak astebururo txandakatzen dituen egutegia aukeratu duten ikastetxeak.

Donostiako Eskola Kirolaren Programak lehiaketa-jarduerak ez ezik, sustapen-jarduera ugari ere jasotzen ditu (igeriketa kanpaina, UDA kanpaina, izotz gaineko irristaketa, etab.).

«Ama, Aita, jolastu nahi dut» sentsibilizazio-kanpaina

Donostia Kirolak sentsibilizazio-kanpainari eutsiko dio aurten, ikasleen gurasoei Donostiako eskola-kiroleko programaren ezaugarrien eta helburuen berri emateko, eta eskola-kiroleko lehiaketetan jarrera egokiak izatearen garrantziaz kontzientziatzeko, hezkuntza-funtzioa indartzeko.

Sentsibilizazio-kanpaina honetan, haurrak eurak dira gurasoengana jotzen dutenak eskola-kiroleko benetako protagonistak haurrak direla esateko, eta eskerrak emateko («Ama, aita, eskerrik asko») presiorik gabe jolasten uzteagatik jarduera horietaz gozatzeko.