Astigarraga, atxilotu bat eta ikertu bat taberna batean indarra erabiliz lapurreta egiten saiatzeagatik

Ertzainek 25 urteko gizon bat atxilotu zuten larunbat goizaldean, Astigarragako ostalaritzako lokal baten ondoan harrapatu ondoren. Gizona leiho bat behartuta barrura sartzen saiatu zen. Ihes egin zuen bigarren ustezko inplikatu bat, etxe bateko terrazan lotan aurkitu zuten gero, eta tabernan lapurreta egiten saiatzeagatik ikertzen ari dira.

Joan den larunbat goizaldean, bost eta erdiak aldera, herritarrak babesteko lanetan ari zen Ertzaintzaren patruila bat Astigarragako taberna batera joan zen, antza denez lokalean lapurretan ari zirela jakin ondoren. Iritsi zenean, bi pertsona korrika ihesi irten ziren norabide ezberdinetan, eta polizia-dotazioak bat geldiaraztea lortu zuen.

Establezimenduko leiho batek palanka eginda behartu izanaren zantzuak zituen eta kristalaren zati bat hautsita zuen. Terrazako mahai baten gainean bihurkin bat aurkitu zuten, ustez aipatutako leihoa behartzeko erabili zutena, eta, gainera, odol-arrastoak zeuden hainbat tokitan. Ebidentzia horien aurrean, atxikitako gizona indarra erabiliz lapurreta egitea leporatuta atxilotu zuten.

Geroago, goizeko zazpiak aldera, gertakarietan ustez parte hartu zuen bigarren pertsona etxebizitza bateko terrazan aurkitu zuten, eraikin bateko etxabean. Etxekoek aurkitu zuten bertan lo. Gazteak, 20 urtekoak, odol-arrastoak zituen, eta Hernaniko Ertzain-etxera eraman zuten behar bezala identifikatzeko, eta, ondoren, eginbideak ireki zizkioten, ikertu gisa, tabernan lapurreta egiten saiatzeagatik.

Dagozkion polizia-eginbideak amaitu ondoren, atxilotua agintari judizialaren eskuetan jarri zuten.