Villabona, gizon bat espetxeratu dute ibilgailu batean lapurtzeagatik eta hainbat oinezkori itxurazko pistola batekin mehatxu egiteagatik

Villabonako Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren arteko lankidetzari esker, 42 urteko gizon bat atxilotu dute, iragan ostiralean hainbat adingabek ibilgailu batean lapurtzen ikusi ondoren. Lapurrak gezurrezko pistola bat erabili zuen ihesean mehatxu egiteko, eta, azkenean, udaltzain batek atxilotu egin zuen. Atxilotuak aurrekari ugari ditu, eta espetxeratu egin dute.

Gertakariak joan den ostiraleko 15:20ak aldera izan ziren, Villabonako erdigunean. Hainbat adingabek gizon bat ikusi zuten ibilgailu baten barruan poltsa bat lapurtzen, eta adingabeek gertatutakoaren berri eman zioten jabeari.

Egilea, ondoko atari batean sartu zen handik gutxira irteteko. Lapurretaren biktimak gelditzeko agindua eman zion, eta atzetik jarraitu zion, gezurrezko pistola bat ateraz, bera eta lekukoak mehatxatzeko.

Hainbat deik gertatutakoaren berri eman zieten Ertzaintzari eta Villabonako Udaltzaingoari. Udaltzain batek lapurretaren biktima eta lekukoak aurkitu zituen, eta lapurretaren ustezko egilea jarraitu eta atxilotu zuen.

Ertzaintzaren zenbait agente bertaratu ziren, eta, udaltzainarekin batera, lapurtutako poltsa aurkitu zuten atxilotuak gaua eman ohi zuen etxebizitzan.

Atxilotua ertzain-etxera eraman zuten, eta hurrengo egunean epailearen esku utzi zuten, eta espetxeratzeko agindu zuen.