Goi-mailako ikerkuntza sustatzeko diru-laguntzak izan dira gaurko Gobernu Kontseiluaren protagonistak

Ubarretxena bozeramaileak eta Perez sailburuak eman dituzte, gaurko prentsaurrean, Gobernu Kontseiluak onartutako hainbat programa eta dirulaguntzaren inguruko xehetasunak 

María Ubarretxena bozeramaileak Juan Ignacio Perez Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburuarekin batera agertu da gaur, hedabideen aurrean, Gobernu Kontseiluaren ostean. Gaurko bileran, Imanol Pradales Lehendakariak Madrildik jardun du, bide telematikoz, Metafuturo izeneko hango foro batean parte hartzen ari da eta.

Juan Ignacio Perezek eman du bere Sailaren ekimenez onartu diren diru-laguntza batzuen berri. Horietako bat da Ikerbasque Fundazioari emango zaiona. 1.700.000 euro zuzeneko laguntza da, Ikerbasque Research Associates ikertzaileen karrera bultzatzeko. Onartu den beste diru-laguntza da BCMaterials-i dagokiona. 800.000 euroko zuzeneko laguntza ematea erabaki du Kontseiluak, lau laborategi berri egiteko eta tresnez hornitzeko. Horietan, Perezen azaldu duenaren arabera, «energia, nanokimika eta ingurumena erremediatzeko eta mikrofabrikaziorako materialetako laborategiak ezarriko dira».

Sail honi dagokionez, hirugarren programa bat ere onartu da gaur, hain zuzen ere, ikertzaile doktoreentzako mugikortasun-programarako deialdia.

Maria Ubarretxenak eman du onartu diren beste zenbait ekimenei buruzko xehetasunak. Bake-epaitegiei dagokienez, Gobernu Kontseiluak Euskadiko udalei zuzendutako 500.000 euroko diru-laguntza ematea onartu du, bake-epaitegien 2024ko funtzionamendu-gastuei aurre egin diezaieten. Euskadin, 237 bake-epaitegi daude lanean.

Halaber, Kontseiluak Lehiatu programa ere onartu du, nekazaritza-, elikagai-, arrantza- eta basogintza-produktuak Euskaditik kanpoko merkatuetan sustatzeko. Lehiatu programak 700.000 euroko diru-kopurua du.

Azkenik, eta beste gai batzuen artean, 212.000 euroko laguntzak onartu dituzte, kanpoan den euskal komunitateko pertsonen premia larriei erantzuteko. 2003an abian jarri zenetik, laguntza-programa honek Argentina, Venezuela, Kuba, Txile edo Uruguaiko 70 eta112 familia artean izan ditu onuradun urtero.

Osasuna zaintzeko tokiko planak sustatzeko diru-laguntzak

Osasun arloak ere izan du gaurko Kontseiluan protagonismoa. Izan ere, komunitate-esparruan adikzioen tokiko planak garatzen laguntzeko Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren 2024ko ekitaldiko laguntza ekonomikoen deialdien berri eman dute. Laguntza horietan Euskadin diharduten toki-erakundeentzako eta irabazi-asmorik gabeko erakundeentzako 1.735.900 euro daude. Laguntzak bideratzen dira komunitate-prebentzioko programak garatzera, adikzioen arloan arriskuak eta kalteak prebenitzeko eta murrizteko proiektuak egitera eta jokabide osasungarriak sustatzera, baita zenbait toki-erakundetako adikzioen komunitate-prebentzioko lantalde teknikoak mantentzera ere.

Prentsa dosierra

Gai-zerrenda