Bizilagunak programan parte hartzeko izen-ematea ireki da

Azaroaren 24an, etxe askok bertako pertsonak eta migratzaileak bilduko dituen kulturarteko bazkaria egingo dute

Aurten ere, SOS Arrazakeria elkarteak Bizilagunak ekimena proposatzen die herritarrei, «Hamaika zapore, mila istorio» lelopean, bertako familiak eta familia migratzaileak janari baten inguruan biltzea helburu duena. Askotan ez dugu jatorri ezberdineko pertsonekin konpartitzeko aukera eta esperientzia honek hainbat jatorritako bizilagunak ezagutzeko aukera ematen digu.

Bizilagunak proposamenak aurreiritziak eta estereotipoak hautsi nahi ditu, eta bizikidetza-ingurune bat bultzatu. Batzuetan, arrazakeriari aurre egiteko modurik onena ez da diskurtsoak erabiltzea, honelako keinu txikiak egitea baizik, mahai baten inguruan janaria baino askoz gehiago partekatzen baita. Elkar ezagutzeko, izotza apurtzeko, harremanak izateko, loturak sortzeko eta kulturen artean elkarrekin bizitzeko espazio bat sortzen da.

Iaz, mota horretako 52 bazkari egin ziren Gipuzkoan, eta helburua hazten jarraitzea da. Hori dela eta, Iñigo Garcíak, Aniztasun, Inklusio eta Ingurumeneko zinegotzi ordezkariak, herritarrak animatu ditu Sos Arrazakeriak garatutako ekimenean parte hartzera.

Izena emateko epea zabalik egongo da azaroaren 15era arte.

Informazio gehiago eta izen-emateak: https://sosracismogipuzkoa.org/bizilagunak