Kuik! Digital Solutions ingeniaritza teknologiko bat da, enpresei digitalizazio-prozesuan laguntzeaz arduratzen dena, programazioa, IT mantentze-lanak eta zibersegurtasuna bezalako arloak inplementatuz. Konpainiak Errenterian eta Gasteizen ditu egoitzak, eta hainbat alorretako enpresa publiko eta pribatuekin egin du lan, hala nola Iraupen, EiTB, Gorla Taldea eta Uvesco. “Arazorik gabe egokitzen gara sektore bakoitzaren beharretara, beti daude balioa eman eta hazkunde teknologikoan lagundu dezakegun arloak”, adierazi du Beatriz Castro Kuik!-eko komunikazio arduradunak.
Berriki, Kuik! bere soluzioen artean Adimen Artifiziala inplementatzea lortu du, bere bezeroen esperientzia hobetzeko helburuarekin. Horrela, prozesuak automatizatzen dira, eta horrek eraginkortasun handiagoa eta, batez ere, erabakiak hartzeko ezagutza handiagoa eragiten du. “Soluzio pertsonalizatuagoak eta bezero bakoitzari egokituagoak eskaintzen laguntzen gaitu. Ez dugu giza faktorea ordezkatu nahi; alderantziz, indartu egingo dugu”, zehaztu du Beatriz Castrok.
Tresna berri hori bere eskaintzan ezagutarazteko, Gipuzkoako enpresa hainbat gosari teknologiko antolatu ditu. Gosari horietan, produktibitatea hobetu eta datuak ahalik eta gehien aprobetxatu nahi dituzten bezeroak eta enpresak biltzen dira, adimen artifiziala beren prozesuetan txertatzen laguntzeko. “Giro erlaxatu eta kolaboratiboa sortu dugu, non enpresa bakoitzak ikasi ez ezik, kezkak eta ideiak partekatzeko ere eroso sentitzen den”, azaldu dute Kuik!-en arduradunek.
AAren berritasunaz gain, prozesuen digitalizazioan garrantzi handia du zibersegurtasunak. “Badakigu digitalizazioak babes-geruza sendo bat behar duela. Horregatik, babes-teknologiak ezartzen ditugu, Sophosen soluzioak, esaterako, erasoak aurreikusteko eta arriskuak murrizteko”, nabarmendu du Beatriz Castrok.
Ingeniaritza teknologikoak 60 langile ditu gaur egun, eta hurrengo hilabeteetan zabaltzea du helburu. Aurrera begira, Kuik! -ek modu iraunkorrean haztea eta berrikuntzan inbertitzen jarraitzea nahi du. Gainera, enpresak garrantzi handia ematen dio bere langileen gaitasunak garatzeari. “Oinarri horiekin, enpresei balioa ematen jarraitzeko eta etorkizuneko erronkei aurre egiteko prest gaude”, gaineratu du.
SPRI Taldearen helburuetako bat euskal enpresen eraldaketa digitala da. Besteak beste, Smart Industry, BDIH Konexio, Zibersegurtasun Industriala, Enpresa Digitala edo Inplantalariak laguntza-programen bidez bultzatzen du.
SPRI Taldeak aukera ematen die euskal enpresei haien jardueraren berri emateko bere informazio-kanaletan. Zure proiektua gure gaiekin lotuta badago (I+G+b, digitalizazioa, internazionalizazioa, ekintzailetza, berrikuntza…), Zutaz mintzo gara ekimenean parte har dezakezu.