NEIKER zentro teknologikoak eta ADR Añanak gaur goizean aurkeztu dituzte Euskadik kalitatezko intxaurrak ekoizteko duen ahalmena erakusten duen ikerketaren lehen emaitzak
Zanbranako lursail esperimentalean eta Ribavellosako Torre anaien instalazioetan egin den jardunaldian, gure lurraldean fruitu lehor hori landatzearen bideragarritasun teknikoa erakutsi da
Laboreen dibertsifikazioa eta merkatu berrietara irekitzea Eusko Jaurlaritzaren ardatz estrategikoaren parte dira, lehen sektoreak balio erantsiko produktuekin merkatura egokitzea lor dezan
Fruitu lehorren kontsumoa % 5 hazi da urtero Euskadin, eta 2023an pertsona bakoitzeko batez beste 4 kilora iritsi da, Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioak egindako Elikagaien Kontsumoaren Urteko Txostenaren arabera. Elikagai horietatik, ia kilo bat intxaurrei dagokie, eta funtsezko fruitutzat jotzen da, osasun kardiobaskularrerako dituen onurengatik. Hala ere, fruitu lehorren tokiko ekoizpenak eskariaren % 20 baino ez du estaltzen, eta hori aukera estrategikoa da lurraldean fruitu lehorren laborantza sustatzeko eta, horrela, inportazioekiko mendekotasuna murrizteko.
Testuinguru horretan, NEIKER Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren mendeko zentro teknologikoak eta ADR Añana Landa Garapeneko Elkarteak Euskadin oskoldun fruta-arbolak, bereziki intxaurrondoak, landatzearen bideragarritasunari buruzko bost urteko baterako ikerketaren lehen emaitzak aurkeztu dituzte gaur goizean, jardunaldi tekniko batean.
Etorkizuneko intxaur-ekoizleentzako prestakuntza
Nekazaritza sektoreko profesionalei zuzendutako jardunaldia Arabako Zambrana udalerriko lursail esperimentalean hasi da. Bertan, NEIKERek 2020tik aurrera oskoldun fruta-arbolak landatzen ditu ADR Añanaren laguntzarekin. Amaia Ortiz NEIKEReko Ekoizpen eta Landare Babes Saileko arduradunak azaldu duenez, bisita horren helburua «laborantzaren bideragarritasun teknikoa erakustea eta etorkizuneko intxaur ekoizleentzako prestakuntza-baliabide izatea izan da».
Jardunaldiaren lehen zatian, bertaratuek ezagutu ahal izan dituzte labore horiei aplikatzen zaizkien maneiu-teknikak eta berauen klima-egokitzapena nolakoa izan den. Zehazki, aztertzen ari diren hiru intxaurrondo barietateen produkzioari buruzko lehen datuak erakutsi dira: Chandler eta Howard amerikarrak eta Fernor europarra. Merkatua onartzen ari den barietateak direlako aukeratu ziren: Euskadin kontsumitzen diren intxaurren % 80 inportatu egiten dira, eta linealetan ikusten ditugunak aztertzen ari direnak dira.
Halaber, ongarritzeko jarraibide batzuk edo ureztatze-dosien kalkulu egokia azaldu dira, errentagarritasun ona bermatzeko baldintzatzaile nagusietako bat baita. Hazkuntzan ikusi ohi diren gaixotasunen kontrolari dagokionez, horien eragina eta larritasuna oso txikia izan da. Intxaurren %15-%17k bakarrik dituzte gaixotasunagatiko lesioak, inolako tratamendurik aplikatu ez den arren.
Emaitzei dagokienez, “saiakuntza ekoizpeneko lehen urtean dago, eta errendimendu-aurreikuspenak hasiera-hasieratik betetzen ari dira”, adierazi du Ortizek. «Intxaurraren kalibreari eta kalitateari dagokienez, lehen uztak bikainak dira hiru barietateetan. Intxaurren % 70ek 30-32 milimetrotik gorako kalibrea dute, merkatuko kalitate gorenari dagokiona. Beste datu aipagarri bat zati jangarriaren pisua da: intxaurrak oso beteta daude, % 50 haragia da, eta oskola oso fina dute; horrek etxeko kontsumoa errazten du“, NEIKEReko Ekoizpen eta Landareen Babes Saileko arduradunak gaineratu duenez, «kalitate handiko intxaurrak lor ditzakegu».
Tokiko intxaurren dastaketa
Bisita honen ostean, ekitaldiak Javier eta Gregorio Torre, Alternativa de Cultivos Alaveses-eko Ribavellosako instalazioetan jarraitu du. Une hau izan da eguneko aipagarrienetako bat, bertaratuek Javier eta Gregorio Torre anaiek Ribavellosan martxan jarri duten intxaurrak lehortzeko, prozesatzeko eta ontziratzeko planta bertatik bertara ezagutu ahal izan baitute.
Zehazki, instalazio honek fruituen tratamendu-prozesu osoa egiteko aukera ematen du, bilketatik salmentara arte, baita intxaurrak eta beste fruitu lehor batzuk larrutzeko, garbitzeko, lehortzeko, kalibratzeko, zatitzeko, ontziratzeko eta merkaturatzeko ere, azken produktuaren kalitatea ziurtatzeko. Planta honek aukera berriak eta merkaturako irteerak bilatzeko aukera ematen du intxaurren tokiko eta hurbileko laborantzarako.
Jardunaldiaren amaieran, bertaratutakoek NEIKERen esparru esperimentalean bildutako hiru intxaur barietateen lehen ekoizpena dastatu ahal izan dute, kalitate eta kalibre ezberdintasunak ikusita.
Merkatu berriak irekitzeko lankidetza
NEIKER eta ADR Añanak bost urte baino gehiago daramatzate elkarlanean oskoldun fruta-arbolek, bereziki intxaurrondoek, dituzten aukerak aztertzeko. Baterako ekimen hori duela gutxi berritu zen 2024an, eta Euskadin fruitu horien bideragarritasuna aztertzea du helburu. Horretarako, fruitu horien egokitzapen agroklimatikoa eta lurraldean errendimendu onena eskaintzen duten barietateak aztertuko dira. Ahalegin horien bidez, bi erakundeek tokiko ekoizpena bultzatzeaz gain, euskal nekazaritza-sektorearen garapen jasangarria bultzatu nahi dute.
Laboreak dibertsifikatzea eta merkatu berrietara irekitzea dira Eusko Jaurlaritzaren ardatz estrategikoak, lehen sektoreak balio erantsiko produktuekin merkatura egokitzea lor dezan.
NEIKERi buruz
NEIKER, Basque Research & Technology Alliance (BRTA) elkarteko kidea, nekazaritza, abeltzaintza eta basogintzako sektoreetarako irtenbide berritzaileak sortzen espezializatutako zentro teknologiko bat da. NEIKERen lan ildo nagusiak hauek dira: sektorearen barruan 4.0. nekazaritza bultzatzea, etxaldeen jasangarritasuna eta lehiakortasuna garatzea, klima larrialdiak nekazaritzan eta abeltzaintzan dituen ondorioak arintzeko aukerak bilatzea eta bioekonomia sustatzea. Eta hori guztia One Health ikuspegia integratuz, animalien, ingurumenaren eta pertsonen osasunaren arteko harremana modu transbertsalean landuz. Gainera, Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren mendeko erakundea den heinean, NEIKERen jardueraren helburua da euskal exekutiboak diseinatzen dituen estrategiei erantzutea eta horiek bultzatzea, Euskadiko nekazaritza eta abeltzaintzaren sektorea eta basogintzarena sustatzeko, garatzeko eta kudeatzeko.