Ertzaintzak bost gizon atxilotu ditu gaur goizean Gasteizen, Donostiako Garbera merkataritza-gunean egindako lapurreta batetik bi ibilgailutan ihesi zihoazela. Indarrezko lapurreta, agenteen aurkako atentatua, ebasketa eta bide-segurtasunaren aurkako delituak egotzi dizkiete atxilotuei.
Gaur, igandea, goizeko 07:00ak baino minutu batzuk lehenago, Ertzaintzak Donostiako Garbera merkataritza-guneko establezimendu batean indarra erabiliz egindako lapurreta baten berri izan du. Hainbat polizia-baliabide bertaratu dira, eta merkataritza-establezimendu batean lapurreta egin dutela egiaztatu dute.
Ertzainek egiaztatu dute egileak bi ibilgailutan joan direla saltokira, eta matrikulak jarri dizkietela, bezperan Gasteizen aparkatutako beste auto batzuei lapurtutakoak. Gainera, egiaztatu dute erabiltzen zuten ibilgailuetako bat ere lapurtua zela.
Une horretatik aurrera, Ertzaintzak zaintza-dispositibo bat ezarri du, eta, horri esker, inplikatuak ordubete geroago aurkitu dituzte, Gasteiz parean A-1 errepidetik abiadura handian zihoazenean. Lapurretaren ustezko egileak Ertzaintzarengandik ihes egiten saiatu dira, A-1 eta N-622 errepideetatik kontrako noranzkoan zirkulatuz. Agenteek Abetxuko parean geldiarazi dituzte, eta poliziaren ibilgailuei bortizki eraso diete.
38, 31, 33, 35 eta 38 urteko bost gizon atxilotu dituzte indarrezko lapurreta, ebasketa, agenteen aurkako atentatua eta bide-segurtasunaren aurkako delitua egotzita. Bost atxilotuek bortizki aurre egin diote atxiloketari, eta hamar ertzain zauritu dira. Lau ospitaleratu dituzte, horietako bat Zainketa Intentsiboetako Unitatean.
Atxilotuak ertzain-etxera eraman dituzte beharrezko eginbideekin jarraitzeko, eta amaitutakoan epailearen esku utziko dituzte.
Ikerketa zabalik dago oraindik, urte hasieran establezimendu berean antzeko ezaugarriak zituen lapurreta batean atxilotutakoak izan ziren jakiteko.