BAFFEST Emakume Argazkilarien Festibala Bilbora iritsi da ia 10 urteko ibilbidearen atzera begirakoa eskaintzera

PRUEBA

Barakaldon, 2016. urtetik urtero-urtero egin den BAFFEST Emakume Argazkilarien Festibalak BAFFEST BIZIRIK ekimena ekarriko du Bilbora, hau da, festibalak 2024. urtera arte eman duenaren berrikuspen txikia egitea helburu duen ekitaldia, eta jarduerak eskainiko ditu ikusle ororentzat. Horrela, azaroaren 15etik abenduaren 20ra arte, BBK Kuna emakumezkoek egindako estatuko argazki onenen egoitza bilakatuko da, eta BAFFEST festibalaren bihotza ezagutzeko aukera paregabea eskainiko du Bizkaiko hiriburuan.

Horrela, ekitaldi hori BAFFESTek 2025. urtean beteko duen 10. urteurrenaren atarikoa izango da; esan barik doa, aintzat hartzeko mugarria izateaz gain, emakumeak argazkilaritzaren esparruan sustatzeko funtsezko euskarri hori sendotuko duela. Festibalak azken urteotan izan dituen une gogoangarrien atzera begirakoa eskainiko du ekimenak, iragana ospatzen duen esperientzia bat proposatuta, eta, aldi berean, etorkizunera begira jartzen dena.

BAFFEST BIZIRIKen JARDUERA NABARMENAK

Ildo horretan, ekitaldiak hiru jarduera nagusi izango ditu, bertaratzen direnek BAFFESTen eta protagonisten unibertsoan barneratzeko aukera izan dezaten. Jardueretarako sarbidea doakoa izango da eta ikusle orok gozatu ahalko ditu:

  • Festibalean izan diren lan eta material historikoen erakusketa
    Erakusketa horretan, festibalean arrastoa utzi duten Bizkaiko bi argazkilariren lana jarriko da ikusgai: Tania Barrenetxea eta Asuntzi Martínez. Era berean, Sara Prieto artista grafikoaren edizio guztietako kartelen diseinuak erakutsiko dira, BAFFESTen hazkundearen ikusizko irudikapena eskaintzeko. Era berean, aurreko edizioetan Barakaldon izandako elkarketa- eta lotura-bizipenak ikusteko gunea egokituko da.
  • Bisita gidatua eta mahai-ingurua: Berritxuratzeko gogoetak
    Beste alde batetik, azaroaren 15ean, 19:00etan, Nagore Legarreta argazkilari eta komisarioak moderatutako mahai-ingurua izango da Ganbara aretoan. Berritxuratzeko gogoetak izeneko saioan, goi-mailako profesionalek parte hartuko dute, hala nola Yolanda Dominguezek, Tania Barrenetxeak, Sara Berasalucek eta Ainhoa Resanok, eta hainbat gai jorratuko dituzte, besteak beste, emakumeen lekua argazkilaritzan eta ikusizko arteetan edo sektorea berritxuratzeko erronkak eta aukerak.
  • BarrioRevelado: album kolektibo bat sortzea, soinu-erretratuen eta auzoko argazkien bidez
    BarrioRevelado argazki proiektu parte-hartzailea da, auzo baten nortasuna eta ezkutuko istorioak biztanleen bitartez harrapatzeko nahitik sortua. Proposamenak komunitate honetako gizarte-ehuna osatzen dutenen bizitzak, ahotsak eta memoriak ezagutaraztea du helburu. Horretarako, album kolektibo bat eratuko da modu organikoan. Horrela, Ainhoa Resano argazkilaria pertsona bakoitzaren erritmora eta erabilgarritasunera egokituko da, bere inguruneetan bisitatuz eta bere istorioak zuzenean bere eguneroko espazioetan entzunez. Malgutasun horren helburua da parte-hartze kulturalaren ohiko oztopoak haustea eta, testuingurua edozein dela ere, guztiak proiektuaren parte izatea ahalbidetzea.
    Horrela, BarrioRevelado ez da dokumentatzera mugatzen; baterako sorkuntzan eta topaketa pertsonalean zentratzen da. Parte-hartzaile bakoitza auzoko leku esanguratsu bat aukeratzera gonbidatzen da, bere oroitzapenekin, emozioekin edo eguneroko bizipenekin edo bere leihotik ikusten duen auzo-zatiarekin laburbiltzen duen espazio bat. Polaroid kamera bat erabiliz, bat-bateko argazkiak bitartekari gisa jokatzen du, eta pertsonei aukera ematen die beren istorioa modu ukigarri eta berehalakoan nola eratzen den ikusteko. Jardueraren emaitza abenduan aurkeztuko da Kunan, eta parte-hartzaileei dei egingo zaie azaldutako emaitza ikusteko.

BAFFEST, EMAKUME ARGAZKILARIEI LAGUNGU ETA IKUSGARRI BIHURTZEKO EUSKARRIA

2016an sortu zenetik, BAFFEST emakume argazkilariei laguntzeko eta haiek ikusarazteko euskarria izan da, eta emakumeen lekua indartu du kulturaren eta artearen ingurumarian. Antolatzaileek diotenez, BAFFEST bizikidetza da; artea da; esperientzia berriak argazkilaritzaren ikuspegi kritiko eta gogoetatsutik bizitzea da. Horrela, Bilbon egingo den BAFFEST BIZIRIK ekitaldiak modua emango du ikusleek jaialdiaren bilakabidea ezagutu eta aitor dezaten, emakumeei argazkilaritzaren esparruan darien sormena aztertzeko eta horretaz hausnartzeko testuinguruan. Aipatzekoa da ekimenak BBK Fundazioaren babesa duela eta informazio guztia Kunaren webgunean (https://kuna.bbk.eus/) egongo dela eskuragarri.