Azaroaren 25etik 29ra bitartean, adingabeen ikastetxeetarako garraioaren zaintza indartuko du. Besteak beste, segurtasun-uhalen erabilpena, ibilgailuetako seinaleztapena eta laguntzailearen presentzia egiaztatuko dituzte
Ertzaintzak, udaltzaingoekin koordinatuta, eskola-garraioaren zaintza eta kontrola indartuko ditu Euskadin azaroaren 25etik 29ra bitartean, adingabeen bide-segurtasuna zaintzeko.
Alde batetik, egiaztatuko dute garraio horrek administrazio-baimenei, ibilgailuen baldintza teknikoei eta beste hainbat alderdiri buruz legez ezarritako baldintzak betetzen dituen. Beste alde batetik, adingabeek, gidariak eta laguntzaileak segurtasun-uhala erabiltzen duten ere egiaztatuko dute. Horrez gainera, eskola-umeen segurtasunarekin lotutako neurriak ere egiaztatuko dituzte, besteak beste, ibilgailuen seinaleztapena eta joan-etorrietan zaindu beharko dituen pertsona helduaren presentzia.
Estibalitz Olabarri Eusko Jaurlaritzako trafiko zuzendariak esan duenez: “Adingabeak dira bide-segurtasunaren arloko kolektiborik ahulenetako bat, eta bereziki zaindu behar ditugu. Eskola-garraioaren kontrolak indartzeak kolektibo horri eragin diezaioketen istripuak prebenitzen laguntzen du”.
Kontuan izan behar da eskola-garraioan aritzen diren ibilgailuen kasuan 10 km/h murrizten dela herritik kanpora ibilgailu-motaren arabera ezartzen den gehieneko abiadura.
Kontrolak, ahal izanez gero, ikastetxeko instalazioetan egingo dira, ibilgailua helmugara iristen denean eta ikasleak jaisten direnean.