Ertzaintzako agenteek 20 urteko gazte bat atxilotu dute, joan den ostiralean, hilak 22, Eibarren hiru adingaberi egindako lapurretaren ustezko egilea izatea egotzita. Antza denez, inplikatuak labana batekin mehatxatu zituen biktimak, eta haien gauzak lapurtu zizkien; besteak beste, telefono mugikorrak, dirua eta kreditu-txartel bat. Ondoren, hainbat kargu egin zituen establezimenduetan.
Gertakariak joan den ostiraleko gaueko bederatzi eta erdiak aldera izan ziren, hiru adingabeak Legarre auzoko kale batean zeudela. Bat-batean, gizon bat hurbildu zitzaien, labana bat atera eta gazteetako baten lepora hurbildu zuen. Larderia horren bidez, soinean zeramatzaten hiru telefono mugikorrak, hainbat diru-kopuru, dokumentazioa eta banku-txartel bat hartu zituen, besteak beste. Gainera, txartel horren titularrak jakin zuen gerora zenbait ordainketa egin zirela ostalaritzako lokaletan.
Biktimek emandako informazioarekin eta Eibarko ertzain-etxetik egindako ikerketen ondorioz, atzo arratsaldean, asteartea, larderiaz egindako lapurreta horren ustezko egilea aurkitu eta atxilotu zuten.
Atxilotua, lehendik ere atxilotua izan zena denda batean mehatxuen bidez erasotzen saiatu zenean, itxurazko pistola baten bidez, epailearen esku utziko dute, beharrezko polizia-eginbideak amaitutakoan.