Ertzaintzak BRIren hautaketa-prozesuan parte hartu du Frantziako Poliziak gonbidatuta

Ertzaintzako Esku-hartze Unitateko bi agentek parte hartu dute Frantziako Polizia Nazionaleko Esku-hartze Unitateko agenteen hautaketa-prozesuan.

Ertzaintzako Esku-hartze Unitateko Berrozi Berezi Taldeko (BBT) bi agente izan dira Oisselen azaroaren 22tik 29ra bitartean, Frantziako Polizia Nazionaleko Bilaketa eta Esku-hartze Brigadako (BRI) hautaprobetan laguntzeko.

BRI brigadak arrisku handiko operazioetan esku hartzen du, krimen antolatuari, terrorismoari eta bahiketei aurre egiten dio eta, gainera, ikerketa konplexuetan laguntzen du. Bere lana funtsezkoa izan zen 2015ean Parisen Bataclan aretoko edo Hyper Cacher hipermerkatuko atentatuetan bahituak askatzeko egoera kritikoetan.

Ertzaintzako Berrozi Berezi Taldeko bi agenteek BRIko agenteekin elkarlanean jardun dute izangaiek egin behar izan dituzten hautaproba zorrotzetan. Prozesuan izangaien banakako gaitasunak eta talde-laneko jarduna hartu dira kontuan. Tiro-probak, gaitasun fisikoko probak, arma gabeko borroka, behaketa-testak, jarraipen-ariketak eta higiezinetan sartzeko ariketak egin dituzte.

Ertzaintzarentzat eta Esku-hartze Unitatearentzat garrantzi handiko lankidetza da; izan ere, horri esker nazioarteko harremanak indartzen dira eta Berrozi Berezi Taldearen eta Brigade de Recherce et d’Intervention brigadaren gaitasun operatiboak hobetzen dira.

Lankidetza hori Ertzaintzak Frantziako Polizia Nazionalarekin, Polizia eta Aduana Lankidetzarako Zentroaren (CCPA) bidez, dituen harremanen barruan kokatzen da.