Ertzaintzak, Getxoko Udaltzaingoarekin elkarlanean, lau gazte atxilotu ditu gaur, larunbata, goizaldean, Getxoko metroaren inguruan gizonezko bat sastatzeagatik. Biktima, 23 urteko gazte bat, larri eraman dute Gurutzetako Ospitalera; arma zuriz egindako zauri bat zuen sorbaldan, eta beste bat bizkarrean, birikan.
Gertakariak gaur goizaldeko hirurak baino minutu batzuk lehenago izan dira, Getxon (Bizkaia). Ordu horretan, Ertzaintzak abisua jaso du, Ibaigane kalean, metroaren sarbidearen inguruan, hainbat gazteren arteko borroka bat gertatzen ari zela eta pertsona bat zauritu dela ohartaraziz.
Bertaratutakoan, osasun-langileekin batera, arma zuriz zauritutako gazte bat artatu dute, eta lehen ikerketa-lanei ekin diete erasoaren erantzuleak aurkitzeko, ihes egin baitute.
Polizia-ikerketen ondorioz, Ertzaintzako agenteek, Getxoko Udaltzaingoarekin elkarlanean, lau gazte atxilotu dituzte, bat 20 urtekoa eta beste hiru adingabekoak, biktima labankadaz eraso izana egotzita. Udaltzaingoko agenteen lana ezinbestekoa izan da lau auzipetuak atzeman dituztenetik Ertzaintza iritsi arte. Azkenik, prozedura guztien izapidetzeaz Ertzaintza ardutatu da.
Halaber, bertaratutako agenteek ustez erasoan erabilitako labana aurkitu dute, akusatuek trenbidera bota dutena.
Biktimak, 23 urteko gizonezko batek, zauri bat zuen sorbaldaren parean eta beste bat bizkarrean, birikari erasanda. Biktima larri eraman dute Gurutzetako Ospitalera, zauriak sendatzeko.
Lau atxilotuak ertzain-etxera eraman dituzte, gertakarietan izan duten parte-hartzea ikertzeko eta beharrezko eginbideak hasteko. Adingabeen kasuan, amaitutakoan, Bizkaiko Probintzia Auzitegiko Adingabeen Fiskaltzara bidaliko dira, eta akusatu nagusia, 20 urtekoa, Getxoko Guardiako Epaitegiaren esku utziko da.