Inklusiorako Euskal Kontseilua eratu da Hirugarren Sektorearen ordezkaritza handituz

Inklusiorako Euskal Kontseilua ostegun honetan eratu da, Eusko Jaurlaritzaren Gasteizko egoitzan, Mikel Torres Lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburua buru duela.

Organo honen lehenengo bileran, Batzorde Iraunkorra formalizatzeko prozesua hasi dute, eta Diru sarrerak Bermatzeko Errentaren eta gizarte larrialdietarako laguntzen onuradunentzako enplegurako pizgarriak arautzen dituen dekretu proiektua aurkeztu dute, nahitaezko txostena egiteko eta prozedurarekin jarraitzeko. Inklusiorako V. Euskal Planaren 2023-24 Plan Operatiboaren ebaluazioaren aurrerapena ere aurkeztu dute.

Inklusiorako Euskal Kontseilua diru sarrerak bermatzeko eta gizarteratzeko kontsulta eta partaidetza organo bat da, eta bertan honako hauek daude ordezkatuta: Eusko Jaurlaritza, foru aldundiak, Eudel, gizarteratzearen arloan esku hartzen duten eta Euskadin ordezkaritza handiena duten sindikatuak eta sektore arteko patronalak, eta inklusioaren arloan lan egiten duten lanbide elkargoak.

Organo hori Inklusiorako eta Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemaren 14/2022 Legearen baitan eratu da, eta, besteak beste, honako eginkizun hauek ditu: diru sarrerak bermatzeko eta inklusiorako lege aurreproiektuei eta dekretuei buruzko nahitaezko txostenak egitea, eta Gizarteratzeko Euskal Plana eta plan orokorrak edo sektorialak egitea.

Inklusiorako Euskal Kontseiluak, halaber, Inklusiorako eta Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemari buruzko aholkuak ematea du helburu Eusko Jaurlaritzari, eta Inklusiorako Erakunde arteko Batzordearen jardun ildoak zehaztu nahi ditu, bazterketa egoeran edo arriskuan dauden pertsonen oinarrizko premiak detektatzeko eta aztertzeko.