Ertzainek, Mungiako Udaltzaingoaren laguntzaz, 44 urteko gizon bat atxilotu zuten atzo, igandea, Gatikako etxebizitza batean indarra erabiliz egindako lapurreta batekin lotuta. Lapurreta egin ondoren, egileek auto batean ihes egin zuten ausarkeriaz gidatuz eta errepideko gainerako erabiltzaileentzat arrisku larriko egoerak sortuz.
Atzo goizeko hamaikak aldera, Gatikako bizilagun batek jakitera eman zuen bere etxe barruan pertsona bat lapurretan harrapatu zuela. Berriemaileak adierazi zuenez, bizilagun baten laguntzaz atxikitzen saiatu zen, baina gizonak, objektu zorrotz batekin mehatxatu ondoren, ihes egitea lortu zuen kanpoaldean zain zuen auto batean.
Adierazitako lekura polizia-dotazioak agertu ziren, eta Mungiako Udaltzaingoaren patruila batek inguruan aurkitu zuen ibilgailu sumagarria, eta BI-631 errepidean, Bilborako noranzkoan, hari segika hasi zen. Jazarpenean, gidariak, emandako aginduei inolako jaramonik egin gabe, arrisku larriko egoerak sortu zituen errepideko gainerako erabiltzaileentzat, eta ezin izan zuten, beraz, geldiarazi.
Handik pixka batera, Ertzaintzaren patruila batek Sestaon aparkatuta aurkitu zuen ibilgailua, eta, beharrezko ikerketak egin ondoren, ihesean gidatu zuen pertsona aurkitu eta berehala atxilotu zuten. Atxilotua Ertzain-etxera eraman zuten, eta bertan jarraitu zituzten beharrezko eginbideak, gero agintari judizialaren eskuetan jartzeko.
Ertzaintzak zabalik du ikerketa Gernikako Ertzain-etxean, lapurretan konplizea izan zuenaren identitatea ziurtatu ahal izateko.