Osasun Sailak EUDELi helarazi dio udalek eragile aktibo gisa osasunaren sustapenean eta prebentzioan duten zereginaren aldeko apustua egiten duela

EUDEL Euskadiko Udalen Elkarteko presidente Esther Apraizek eta Eusko Jaurlaritzako Osasuneko sailburu Alberto Martinezek bilera egin dute gaur, sailburuak hala eskatuta, osasun komunitarioa hobetzeko estrategia komunak jorratzeko.

Bilera EUDELen egoitzan egin da, eta haren helburua izan da Alberto Martinezek zuzentzen duen Osasun Sailak udalekin ekintza komunitarioak sustatzeko duen borondatea azaltzea, udalek osasunaren sustapenean parte-hartze aktiboa izan dezaten, prebentzioaren arloan dituzten eskumenen bitartez.

Ildo horretan, Osasuneko sailburuak Euskadiko Osasun Behatokia aurkeztu dio EUDELeko presidenteari —eta, aldi berean, Derioko alkateari—. Azterketa, komunikazio eta ikerketarako tresna da, eta euskal herritarren osasuna ekitatearen eta generoaren ikuspegitik monitorizatzea eta ebaluatzea du helburu. Tresna hori Osasun Sailari atxikita dago, eta informazioa eta ebidentzia emango die, sistematikoki eta modu integralean, osasun-sistemari berari, udalei, aldundiei eta gainerako erakundeei, baita ikerketako langileei, profesionalei eta, oro har, gizarteari ere.

Alberto Martinezek EUDELeko arduradunari adierazi dio prest dagoela Euskal Autonomia Erkidegoko udal guztiei OMEren gomendioen arabera sortutako tresna baliotsu horren berri emateko. Tresna eredu britainiarrean oinarrituta dago, munduko erreferentea, eta erreferentziazko tresna izango da maila anitzeko osasun komunitarioari aurre egiteko. Izan ere, osasun-egoerari eta haren determinatzaileei buruzko informazioaren eta ebidentziaren eskuragarritasuna eta erabilera hobetzeko balioko du, plangintza, erabaki-hartze eta osasun-arloko jarduketa hobetzen lagunduz; horretaz gain, Euskal Autonomia Erkidegoko biztanleriaren osasun-arloko egoerak eta horien bilakaera ezagutu, aztertu eta balioestea ahalbidetuko du.