Ertzaintzak Barakaldoko merkataritza-establezimendu bateko langilea atxilotu du azken belaunaldiko 32 telefono mugikor (34.000 mila eurotik gorako kostua zutenak) lapurtzeagatik eta gailuak bigarren eskuko merkatuko salerosketako saltokietan saltzeagatik.
Otsailaren 4an, eta salaketa bat jarri ondoren, Ertzaintzak jakin zuen hainbat gailu mugikor lapurtu zituztela Barakaldoko merkataritza-establezimendu batetik. Kontsumoko banaketa elektronikoaren sektoreko enpresak inbentarioa egin zuenean egiaztatu zuen gama altuko gailu mugikorrak falta zitzaizkiola, eta langileren baten lapurretaren biktima izan zitekeela susmatu zuen. Merkataritza guneak lapurtutako gailuetako baten IMEI zenbakia eman zion Ertzaintzari, polizia-ikerketari hasiera emateko.
Sestaoko Ertzain-etxera atxikitako agenteek egindako ikerketei esker, jakin ahal izan zuten lapurtutako gailuak bigarren eskuko merkatuan saldu zituztela, zehazki Bilboko salerosketako bi saltokitan. Ertzaintzak 31 urteko gizon bat identifikatu zuen. Gizona merkataritza-establezimenduko langilea zen, zehazki telefonia sailekoa, eta urtebete baino gehixeago zeraman establezimenduan lanean. Ertzainek jakin ahal izan zutenez, langileak gama altuko 32 telefono eta eguneroko jarduerak monitorizatzeko erloju adimendun bat lapurtu eta saldu zituen 2024ko martxotik 2025eko urtarrilera bitartean. Horien kostua 34.617 eurokoa zen guztira.
Egindako ikerketetan oinarrituta, Ertzaintzak atzo, astelehena, atxilotu zuen 31 urteko gizona ebasketa-delitua leporatuta.
Ertzaintzak zabalik du ikerketa, eta herritarrei gomendatzen die, era horretako edo antzeko delitu baten biktima izanez gero, dagokion salaketa jartzeko eta telefonoaren IMEI zenbakia aurkezteko, balio handiko datua baita era horretako delituak argitzeko orduan.