Donostsiako Udalak Kontxako barandaren 275 zati zozketatuko ditu

Tokiko Gobernu Batzarrak onartutako beste gai batzuk: Suhiltzaileen NBE

Donostiako Udalak onartu du Kontxako barandaren 275 modulu zozketa bidez lagatzea, lehenengo arrapalaren eta La Perlaren arteko zatia osatzen duten elementuen multzoa ezin dela erabili adierazi ondoren.

Eneko Goia alkateak adierazi duenez, «duela gutxi baranda ordezteko lanak egin dira, oso hondatuta zegoelako; beraz, hiriko elementu oso enblematikoa denez, zozketa egingo da, interesdunek erretiratutako piezetako bat eskuratu ahal izan dezaten«.

Horrela, baranda horrek duen erakargarritasunaz jabetuta, Udalak 275 zati esleitu nahi ditu interesdunen artean. Tarte horietako bakoitzak 185 €-ko prezioa izango du, entregatzeko prestaketaren kostu estimatua.

Izena eman ahal izango dute:

  • Adinez nagusi diren Donostian erroldatutako pertsona fisikoek
  • eta/edo hirian jaiotako pertsona fisikoek.

Hirian erroldatutako pertsonak esleipeneko 1. taldean sartuko dira, eta hirian jaioak direnak baina erroldatuta ez daudenak, berriz, bigarren fasean, lehen faseko modulu soberakinik balego. Eskaera bakarra egin ahal izango da pertsona fisiko bakoitzeko.

Izen ematea datorren martxoaren 3an irekiko da, aurreikuspenen arabera

  • edozein udal-erregistrotan egin ahal izango da,
  • edo modu telematikoan, udalaren webgunearen bitartez, dagokion unean irekiko den berariazko atalean.

Apirilean zehar argitaratuko da onartutako presonen zerrenda, eta erreklamazioa aurkezteko epea irekiko da; ondoren, behin betiko zerrenda maiatzaren lehenengo astean argitaratuko da. Eskabide-kopurua modulu-kopurua baino txikiagoa bada, zuzeneko esleipena egingo zaio lehen taldeari, eta soberako moduluak bigarren fasean esleituko dira. Eskabide-kopurua handiagoa bada, zozketa bidez esleituko da.

Zatiren bat esleitzen zaion pertsona bakoitzak:

  • bere modulua jaso beharko du,
  • bere kabuz garraiatu beharko du;
  • elementuak behar bezala erabiltzeko konpromisoa hartuko du.

Erabat debekatuta dago gero horiek saltzea, erreproduzitzea eta, jakina, merkaturatzea edo bestelako xedapen-egintzarik egitea.

Modulu bakoitzak 80 zentimetroko luzeera eta 50 kg inguruko pisua du, eta desmuntaketaren ondorioz sortutako egoeran entregatuko dira: entregatu aurretik, moduluetan banatzeko eta eskudela lotzeko behar diren lanak baino ez dira egingo, baina ez da aurreikusten balizko oxidoak, soberakinak eta pintura ezabatzeko lanik.

Suhiltzaileen NBE

Tokiko Gobernu Batzarrak onartu du NBE (Norbera Babesteko Ekipamenduak) erreskate teknikorako eta trafikorako peto-praken hornidura kontratatzeko espedientea, suteen prebentzio, itzaltze eta salbamendu zerbitzuko langileentzat. Aurreikusitako urteko gehienezko aurrekontua 34.122 eurokoa da, eta beharrezkoak diren eskaerak egiteko epea urtebetekoa.

SPEISeko langileek suteak itzaltzeko eta erreskate teknikorako jantziak, oinetakoak eta gainerako babes-osagarriak behar dituzte. Trafiko-istripuetan pertsonak erreskatatzeko esku-hartzeetan, babes-jantziak (jaka eta peto-galtzak) suteak itzaltzekoak baino arinagoak eta erabilgarriagoak dira. Hori dela eta, petoak erosiko dira, horretarako prestatutako jakak baitituzte.