Irungo kalamu-elkarte baten arduraduna atxilotu dute

Ertzaintzako agenteek, Irungo Udaltzaingoarekin elkarlanean egindako operatibo baten ondorioz, kalamu-elkarte baten arduraduna atxilotu dute, osasun publikoaren aurkako ustezko delitu bat leporatuta. Lokalean substantzia sorgorgarriak aurkitu dituzte, bai eta horiek pisatzeko eta banatzeko materiala ere, eta eginbideak ireki dizkiete ikertu gisa beste hiru pertsonari.

Joan den urtearen amaieran, Irungo kalamu-elkarte baten inguruan ezohiko jarduera hauteman ondoren, Ertzaintza eta Udaltzaingoa, establezimendua, estatutuetan ezarritakoa alde batera utzita, drogarekin legez kanpo trafikatzeko erabiltzen ari zitezkeela susmatuta, zaintza-operatiboak egiten hasi ziren haren inguruan.

Bertan egindako kontroletan, bertako bazkide ez ziren eta lokalera joaten ziren pertsonen etengabeko fluxua hauteman zuten. Pertsona horiek denbora laburra ematen zuten barruan, ustez substantzia sorgorgarriak eskuratzeko diruaren truke, elkartetik kanpora kontsumitzeko.

Horren aurrean, eta beharrezko frogaketak egin ondoren, joan den astelehenean lokalean sartu eta miaketa egin zuten, eta substantzia sorgorgarrien kopuru esanguratsua konfiskatu zuten, baskulekin eta salgaia banatzeko materialarekin batera.

Egindako ikerketen ondorioz, 26 urteko emakume bat, elkarteko gerente gisa identifikatutakoa, atxilotu zuten, osasun publikoaren aurkako ustezko delitu bat leporatuta. Zuzendaritza-batzordeko beste hiru pertsonari eginbideak ireki zizkieten ikertu gisa.

Polizia-egoitzan beharrezko eginbideak amaitu ondoren, atxilotua atzo, asteartea, jarri zuten agintari judizialaren eskuetan.  

2023an elkarte horretako hiru pertsona ikertu zituzten antzeko egitateengatik.

Jaitsi erantsitako dokumentua