Horrez gainera, 2024ko istripuen balantzea eta memoria ere aurkeztu ditu
Joana Egiluz Eusko Jaurlaritzako Babes Zibileko sailburuordeak eta Estibaliz Olabarri Trafikoko zuzendariak 2025erako aurreikusitako ekintza-plana aurkeztu dute gaur goizean Euskadiko Bide Segurtasuneko Batzordearen Osoko Bilkuran. Horrez gainera, 2024an, Eusko Jaurlaritzaren Bide Segurtasunaren eta Mugikortasun Seguru eta Iraunkorraren 2025 Plan Estrategikoaren baitan, gauzatutako jardueren memoria ere aurkeztu dute.
Euskadiko Bide Segurtasuneko Batzordearen Osoko Bilkuraren urteko bilera Bilbon, Euskadiko Trafikoa Kudeatzeko Zentroan, egin da. Bileran izan dira udaletako eta hiru foru-aldundietako ordezkariak, bide-segurtasunaren arloko eskumenak dituzten Eusko Jaurlaritzako sailetako ordezkariak (Hezkuntza, Osasuna, Garraioa, Larrialdiak), Euskadiko Bide Segurtasuneko Fiskaltza, trafiko-istripuen biktimen elkarteak eta mugikortasuna hobetzean inplikatutako hainbat sektore ekonomiko eta profesionaletako gizarte-eragileak.
2024ko Jardueren Memoria
Joana Egiluz Babes Zibileko sailburuordeak 2024ko istripu-tasaren balantzea aurkeztu du. Urte horretan 37 pertsona hil ziren zirkulazio-istripuz, 2023an eta 2022an baino 7 gutxiago, eta 14 gutxiago 2019an baino. Egiluzek adierazi duenez, «errepideko joan-etorriak ugaritu egin diren arren, zirkulazio-istripuz zauritu eta hildako gutxiago izan ziren Euskadin». Gipuzkoan, heriotza-tasak behera egin du aurreko urtearekin alderatuta, baina, hala ere, Araban eta Bizkaian baino altuagoa da. Bestalde, aipatzekoa da 37 hildako horietatik % 57 kolektibo kalteberetakoak direla. Eta kolektibo horietan hildakoen kopurua % 6 hazi da aurreko urtearen aldean. Hori dela eta, Egiluzek azpimarratu duenez, «Eusko Jaurlaritzak babes berezia ematen jarraituko die kolektibo ahulei».
Bestalde, Estibaliz Olabarri Trafikoko zuzendariak nabarmendu duenez, «datu horiekin esan dezakegu 2030eko helburura hurbiltzen ari garela, trafiko-istripuek eragindako hildako eta zauritu larrien kopurua murrizten jarraitzeko, 2050ean zero biktima egon daitezen». Olabarrik gaineratu duenez, «zalantzarik gabe, 37 hildako horiek guztioi dagozkigu, bai erakundeei, bai gizarteari oro har, eta gutako bakoitzari herritar gisa, eta zeregin eta erantzukizun partekatu horretan denok izan behar dugu arduratsu».
2024ko Memorian beste jarduera batzuk ere jaso dira: 65 urtetik gorakoen artean harrapaketak eta bestelako istripuak prebenitzeko sentsibilizazio-programak eta Don ‘t be Dummy estrategia sendotu direla; zilindrada handiko motorzaleentzako doako prestakuntza-ikastaroak; bide-segurtasunarekin konprometitutako enpresak biltzen dituen Innovabide Sarea zabaldu dela; edo Trafikoko Jardunaldi Profesionala burutu dela, formatu presentzialean eta birtualean, Donostiako Kursaaletik.
2025erako Jarduera Plana
2025eko Jarduera Planak motorzaleei zuzendutako sentsibilizazio- eta prestakuntza-programak indartzen ditu, haien trebetasunak hobetu ditzaten. Aurreikusita dago prestakuntza-jarduerak zabaltzea modalitate berri eta berritzaileekin, istripuak prebenitzeko eta portaera seguruak sustatzeko programa horien irismena handitzeko asmoz.
Lan-eremuan, Euskadiko enpresa-sareak laneko bide-segurtasunarekin hartuta duen konpromisoa bultzatzen jarraituko da Innovabide proiektuaren bidez.
Era berean, Euskal Poliziak 32 zaintza- eta kontrol-kanpaina egingo ditu errepideetan, istripu larriak eragiten dituzten arrisku-portaerak prebenitzeko. Istripu-kausa nagusietan jarriko da arreta, hau da, abiaduran eta distrakzioetan, eta baita motorzaleen kolektiboan ere.