25_0181 Atxilotuak Gasteizen aparkatutako lau autotan lapurretan ari zirenean

Atxilotuak Gasteizen aparkatutako lau autotan lapurretan ari zirenean
Servicio de prensa
2025-03-13
Ertzaintzako agenteek 42 eta 33 urteko bi gizon atxilotu dituzte gaur goizaldean, Arabako hiriburuko Aranbizkarra auzoan aparkatuta zeuden hainbat ibilgailu behartzea leporatuta. Lekuko batek eman du gertatutakoaren berri, eta handik laster patruila batek atxilotu dituen bi susmagarrien deskribapena ere eman du.
Gaur, osteguna, goizaldeko ordu bata hogei gutxian gertatu da Gasteizko Aranbizkarra auzoan. Lekuko batek Ertzaintzari jakitera eman dio bi pertsona aparkatuta zeuden ibilgailu batzuetako ateak manipulatzen ari zirela. Polizia-baliabideak bertaratu direnean, lekukoak emandako deskribapen fisikoarekin bat zetozen bi susmagarriak aurkitu dituzte.
Patruila batek biak identifikatu ditu eta batek esku batean zauri berri samarra zuela ikusi du. Miatu dituztenean, ertzainek bi bihurkin, eskularru batzuk, kopeta-argi bat eta kurrika batzuk aurkitu dituzte susmagarriak zeramatzaten gauzen artean.
Agenteek ingurua ere miatu dute, eta aparkatuta zeuden lau auto behartuta zeudela eta barrualdea nahastuta zutela egiaztatu dute. Ebidentzia horien aurrean, bi susmagarriak atxilotu dituzte lapurreta-delitua leporatuta.
Polizia-aurrekariak dituzten 33 eta 42 urteko atxilotuak Ertzaintzaren egoitzara eraman dituzte zegozkion izapideak egitera. Horiek amaitu ondoren, agintari judizialaren eskuetan jarriko dituzte.