Javier Hurtado sailburua: “Kutsidazu bidea Ixabel ibilbidea bezalako proiektuek familiako turismoa eta jasangarritasuna sendotzen laguntzen dute”

Javier Hurtado Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuak «Kutsidazu bidea Ixabel» turismo- eta kultura-ibilbide berria inauguratu du Hernialden. Ibilbide hori Tolosaldeko Helmugako Jasangarritasun Turistikoko Planean kokatuta dago. Euskadin proiektu estrategikoak bultzatzeko erakundeen arteko koordinazioaren eta lankidetzaren garrantzia nabarmendu du sailburuak bere hitzaldian: «Europako funtsen bidez finantzatutako proiektu honek erakusten du garrantzitsua dela elkarrekin lan egitea gure herri eta hirientzat onuragarri diren ekimenak aurrera ateratzeko».

Sailburuak Helmugako Jasangarritasun Turistikoko Planen eragina azpimarratu du. Plan horiei esker, Europako funtsetako 80 milioi euro baino gehiago inbertitu ahal izan dira Euskadin, eta hainbat motatako 34 proiektu finantzatu dira eskualde eta udalerrietan. Tolosaldeko Planari dagokionez, honako hau adierazi du: «Plan horrek, ia 2 milioi euroko inbertsioa eginda, hainbat ardatz eta ekintza biltzen ditu, eta horietako asko dagoeneko abian edo amaituta daude. Gaur inauguratu dugun turismo- eta kultura-ibilbide berria eduki oso familiarra duten beste sei ibilbideri gehitu zaie».

Ildo horretan, familiako turismoari balioa eman dio Euskadiko turismo-estrategiaren funtsezko elementu gisa: «Familiako turismoak urtarokotasuna txikiagotzen eta bisitarien lurralde-oreka areagotzen laguntzen du. Gainera, produktu turistiko bat baino gehiago da: familiarekin bidaiatzen dugunean, biharko bidaiarien oinarriak jartzen ari gara». Horregatik, azaldu duenez, Euskaditik «Ondo bidaiatzeko eskola» bultzatzen da: «Gure adingabeak hezteko erantzukizuna dugu, buru irekiko esploratzaile bihur daitezen, beren ingurunea balora dezaten eta turismo jasangarriagoa susta dezaten».

Era berean, nabarmendu du ibilbide horiek oinarrizko balioak transmititzen dituztela elkarbizitzarako eta tokiko kulturarekiko errespeturako: “Bisitariek jasangarritasunaren garrantzia ulertzea nahi dugu, tokikoa estimatzen eta benetakotasuna baloratzen ikastea. Balio horiek funtsezkoak dira herritarrekiko bizikidetzarako eta kalitatezko turismo arduratsua izateko».

Amaitzeko, ibilbidearen izenaren esanahia eta Joxean Sagastizabalen eleberrian inspiratu izana aipatu ditu: “Kutsidazu bidea Ixabel esaldiak dioen bezala, ibilbide honek bidea erakusten digu. Hizkuntza baten bidea, kultura batena, Euskadi beste ikuspegi batetik bisitatzeko eta gozatzeko moduarena».