UNIRE – Soldadura eta Beste Lotura Teknologien Azokaren bigarren edizioak 80 enpresa baino gehiago bildu ditu FICOBAn

UNIRE azokaren bigarren edizioak 80 enpresa baino gehiago bildu ditu Irungo FICOBA erakustazokan. UNIRE azoka da soldaduran eta beste lotura-teknologietan espezializatutako Estatuko azoka bakarra. Martxoaren 18an eta 19an egingo da azoka, eta bi egun horiek eskainiko zaizkio berrikuntzen aurkezpenari, networkingari eta merkataritza-harreman eta -akordio berriak sortzeari. Enpresa erakusketarien artean, Belgika, Israel, Italia, Herbehereak edo Frantziatik etorritako atzerriko enpresak nabarmendu behar dira.

Ekitaldiak Eusko Jaurlaritzaren, SPRI Taldearen eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesa du, eta Ficobak antolatu du, CESOL Soldadura eta Lotura Teknologien Espainiako Elkartearen laguntzarekin. Inaugurazioan izan dira Andoitz Korta Eusko Jaurlaritzako Industria Sustatzeko sailburuordea, Ane Insausti Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko diputatua eta Nuria Alzaga Irungo jarduneko alkatea.

Andoitz Korta sailburuordeak aditzera eman duenez, “UNIRE azoka soldaduraren eta lotura-teknologien sektoreko ezagutza partekatzeko lekua da, eta Euskadi erreferentea da arlo horretan. Industria gehiago eta hobeaz hitz egin nahi dugu: belaunaldien arteko erreleboaz, garapen teknologikoaz, automatizazioaz, robotikaz edo adimen artifizialaz. Era berean, emisio gutxiagorako bidean aurrera egiteko moduari buruz eztabaidatu nahi dugu: jasangarritasunak, efizientziak eta trantsizio energetikoak sektore honetan duten inpaktua aztertu nahi dugu”.

“Aurten 84 enpresa bildu dira azoka honetan, gehienak enpresa txiki eta ertainak. Enpresa txiki eta ertain horietako askoren lanari esker, soldaduran eta lotura-teknologietan Estatuan dagoen azoka bakarra da UNIRE, eta erreferentea da Europa hegoaldean”.