Ertzaintza goizaldean Bilbon arma zuriz egindako eraso bat ikertzen ari da

Lau pertsona atxilotu dituzte gaur goizaldean, horietako bat hilketa saiakera egotzita, eta beste hirurak lesio-delitu bat egotzita, Bilboko Erribera auzoan izandako borroka batean. Gertakarian, atxilotuetako batek arma zuriz egindako zauriak jasan ditu bularrean eta hanka batean, eta ustezko erasotzaileak hainbat zauri, biktimak eta haren bi lagunek kolpatuta.

Erasoa gaur, asteazkena, goizaldeko ordu bietan gertatu da, Bilboko Erribera auzoan. Hiru gizon bertatik pasa den Udaltzaingoaren patruila batengana hurbildu dira, haietako bati arma zuri batekin eraso egin diotela ohartarazteko. Biktimak bi zauri zituen odoletan: bata bularrean eta bestea izterretako batean. Handik gutxira, biktima erori egin da, eta osasun-zerbitzuek artatu behar izan dute. Ondoren, ospitalera eraman dute.

Handik gertu, ustezko erasotzailea aurkitu dute burua eta aurpegia odoletan, labankada jasan duen pertsonak eta bere bi lagunek objektu metaliko batekin kolpatu ondoren. Zauriak zituenez, ospitalera ere eraman behar izan dute.

Ertzaintzako agenteak bertaratu dira udaltzainei laguntzeko, eta ikerketaz arduratu dira, erasoen jatorria eta atxilotu guztien arteko harremana zehazteko.

Ustezko erasotzailea homizidio-saiakera delitu batengatik atxilotu dute, eta beste hiru gizonak lesio-delitu batengatik.