Indarkeria erabiliz lapurreta egitea eta lesioak eragitea leporatuta atxilotu duten gizona eta egitate berberengatik ikerketapean geratu den emakumea atzo aurkitu zituzten Portugaleteko ostatu batean. Bikoteari joan den martxoan Santurtziko herritar bati eraso egitea eta urrezko zintzilikario bat lapurtzea leporatzen diote.
Joan den martxoaren 13an, Santurtziko Kabiezes auzoko bizilagun bati bikote bat hurbildu zitzaion etxean sartzera zihoanean. Gizona atarian sartu zen eta biktimari igogailuan eraso egin zion bultza eginez, eta lepoan zeraman zintzilikarioa kendu zion. Biktima lapurrari heltzen saiatu zen, baina hark defentsa-esprai batekin busti zizkion begiak eta ihes egin zuen.
Biktimak Ertzaintzara deitu zuen, eta Ertzaintzak ikerketa hasi zuen lapurretan inplikatutako bikotea identifikatzeko. Polizia-ikerketari esker, ustezko lapurrak, polizia-aurrekariak dituzten 27 urteko gizona eta 18 urteko emakumea, identifikatu zituzten.
Ikerketaz arduratu ziren agenteek atzo, asteazkena, atxilotu zituzten Portugaleteko ostatu batera sartzera zihoazenean. Gizonari indarkeria erabiliz lapurreta egitea eta lesioak eragitea leporatu diote eta emakumea ikerketapean geratu da egitate berberengatik. Zeramatzaten gauzak miatu zituztenean, lau giltza orokor, ateak irekitzeko plastiko bat eta metalezko barra bat, hagaxka markatzaileak eta defentsarako esprai bat aurkitu zizkieten. Atxilotu duten gizonak Bilboko hainbat epaitegik atxilotzeko eta bertaratzeko emandako sei agindu zituen indarrean.
Bikotea Ertzaintzaren egoitzara eraman zuten zegozkion polizia-izapideak egitera. Horiek amaitu ondoren, atxilotuak agintari judizialaren eskuetan jarriko dituzte.